Hondarribia B ontziak ez du nahi bezala hasi 2025eko denboraldia
Larunbatean paper txukuna egin zuten Astilleron. Igandean aldiz, Pasaian, laugarren ziaboga estriborretik hartu eta aurkariekiko errenta guztia galdu zuten.

Hondarribia Arraun Elkarteko gizonezkoen B ontziak ez du nahi bezala hasi 2025eko denboraldia. Bi estropada jokatu dituzte asteburuan. Larunbatean (hilak 21) Astilleron aritu ziren, erlojupeko modalitatean, eta 10.nak bukatu zuten jardunaldia. Denboraldiko lehen sentsazioak hartzeko eta ligako aurkariekiko zein mailatan dauden ikusteko balio izan zien.
Hurrengo egunean Pasaiako badian aritu ziren. Estropada hau berezia izaten da bost ziabogetara jokatzen delako, eta horiek onerako zein txarrerako erabakigarriak izan daitezke. Kasu honetan, min handia egin zion Hondarribiko ontziari.
Estropada osoan txandako garailea izan zen Sanpedrotarrak ontziaren atzetik joan ziren laugarren ziabogara arte. Buia ababorretik hartu beharrean estriborretik hartu zuten, eta beraz, arraun egiteari gelditu eta zia egin behar izan zuten (aurreraka), ziaboga ondo gauzatzera iritsi arte.
Aurkariek hondarribiarrekiko tartea murrizteko baliatu zuten aukera eta berdeek azken tokian amaitu zuten estropada. Sailkapen orokorrean 11.nak dira.
Asteburu honetan izango dute arantza kentzeko aukera. Larunbatean Donibane Lohitzunen eta igandean Elantxoben arituko dira.