Berdintasunaren aldeko borrokara batu da Meaka
Meaka konpainia sortzeko auzoan babesa lortuta eta etxeko lanak eginda, Irungo auzo zaharrenetarikoak badu bere konpainia. Bigarren saiakeran eratu dute taldea.

Hogeita zazpi urte igaro dira Meaka konpainia sortzeko lehen saiakera egin zutenetik eta azkenean, konpainia sortzea lortu dute 2025ean. Horrenbestez, aurtengo Alardean desfilatuko dute lehenbizikoz hilaren 30ean. Alarde parekidearen sorreratik gaur egunera Alardearen gatazka politikoak eboluzioa eduki du: tentsioa jaitsi egin da. Karmele Tolosa konpainiako kidearen esanetan, aldaketa hori nabarmentzekoa da Meaka konpainia sortzeko bidean. «Oraingo belaunaldiek duten ilusioa ez dut inoiz ikusi, eta horrek ere urduritasuna sortzen dit, esperientzia dudan arren», aitortu du. Tolosak lau konpainiaren sorreran egin du akonpainamendua, eta badu hasieretan esperientzia. Meakakoa hamahirugarren konpainia izango da Alarde Parekidearen historian.
Meaka konpainiak etxeko lanak eginak ditu dagoeneko, eta Nagore Olaskoaga Alsua izango da kapitaina. Harekin batera mando lanetan arituko dira Nerea Pino Rivas, Anne Gomez Amiano eta Amaia Pino Rivas. Karguak kargu, konpainia oso bat dago antolaketaren atzean eta hura sortzeko lehen urratsa auzotarren babesa ea izango zuten jakitea izan zen.
Olaskoagak gogorarazi du iaz galdetegi bat pasa zietela auzotarrei, konpainia sortuko balitz ea parte hartuko luketen neurtzeko. «Hainbat pertsonak baiezkoa eman ziguten eta gero jende gehiago batu zen», oroitu du. Konpromisoak lortu dituzte, eta 100 meakarrek konfirmatu dute euren auzotik irtengo direla desfilatzen. «Baina hilaren 30era arte ez dugu jakingo benetan zenbat izango garen konpainian, eta horrek urduritzen gaitu», adierazi du tentuz kapitainak. Dena den, betetzen zailenak diren lerroak beteko dituztela aurreratu du, eta horrek, kontrara, «lasaitasuna» ematen die. «Kristoren gogoa dugu eguna iristeko, egunaz gozatzeko, eta egindako lanaren emaitza ikusteko», azaldu du Olaskoagak.
Lehen entsegua joan den asteazkenean egin zuten, eta hurrengoa gaur (ostirala) izango da 20:00tan Borda Txikitik abiatuta. Hurrena, leku eta ordu berean, hilaren 24an. Kapitainak auzoko jendea animatu du entseguetan parte hartzera eta sustengua erakustera, «denok disfruta dezagun».
«Busti» daitezela
Irungo Udalak Alardea berriro guztiz publikoa izateko duen ardura hizpide, ea udalak berriro desfilea antolatzeko asmoa duen galdetu dio hitza-k Cristina Laborda alkateari, eta ez du ardura hori hartzeko asmorik adierazi. Haren arabera, Alardea ulertzeko «bi modu» daude, eta bi modu horiek «elkarbizitzan daude», eta «elkar errespetatzen dute». Gaineratu du uztailaren 1ean irakurtzen duten «berri garrantzitsuena» festak «dir-dir» egiten duela dela. Meakako kide Tolosak, baina, alkateari gogorarazi dio haien ardura dela Alardea antolatzea.
Kapitainak erantsi du udaletxeko balkoitik harrera egitearen keinua, «keinu» bat dela soilik. Eskubideez hitz egiten ari direla argi dio Olaskoagak, eta jaiak ere eskubideez hitz egitearen parte direla. «Berdintasunean parte hartzeko eskubidea Irungo hiritar guztiona da, eta udala Irungo hiritar guztiontzat dago. Horregatik eskatzen diogu Alarde publiko bat antolatzea», aldarrikatu du Olaskoagak. Aurten behintzat udalak ez du Alarderik antolatuko. «Udalak ez du apusturik egiten Alarde publiko baten alde, eta guk hori eskatzen dugu, busti daitezela eta Alarde publikoa antola dezatela», berretsi du.