Meaka konpainiak lurra astindu du bere lehen entseguan
Aiako Harriaren magaletik, Meakatik irten ziren lehen aldiz konpainia berriko kideak alarde doinuekin lurra burrunbatuz. Babesa agerikoa izan zen. Hurrengo entseguak hilaren 20an eta 24an izango dira.
Meaka konpainiak bere lehen entsegua burutu zuen atzo (hilak 18). Borda Txikin egin zuten hitzordua eta konpainia lerratzen hasi ordurako, auzotarren babesa handia zen bertan, familiak, gazteak, haurrak, adinekoak, auzokideak eta alardeko kargu ohiak izan ziren bertan. Nagore Olaskoaga kapitainak dei egin zien parte hartzaileei lerroak egiten hastera baina ez zegoen bakarrik, bere alboan teniente eta kaboak izan zituen ordena ezartzen.
Behin irtenda, babes txaloak emateko harresia egina zegoen Ibarlako errepidera irten baino lehen. Konpainiaren dimentsioa ikusteko Ibarlako atsedenaldian egin zuten lehen geldialditxoa eta musikariak zuzentzeko momentua ere izan zen bertakoa. Alarde parekidearen sinpatizantea ez den baten bati harriduraz harrapatu zion aparkalekuan konpainiaren agerraldiak eta kexuka hasi zitzaion albokoari autoa ezin zuela atera. Baina, hori bai, “nik ez dut inolako problemarik” adierazten zuen. Azkenean, kuriositateagatik izan bazen ere, konpainia begiratzen geratu zen.
Berriro martxa hartu eta Arbes aldera joan ziren, bertan bizi baita aurtengo Meakako kantinera: Naiara Pardo
Woppelmann. Eguzkiak lagundu zuen momentu horretan begietako dirdira argiago ikusten: urte osoko lanaren emaitza ikusten ari ziren konpainiakoak eta etxeak pasa ahala, bizilagunak leihoetara irteten ari ziren, paseoan zebiltzanak gelditu eta txaloka hasten ziren eta traktorea eramaten ari zen baserritar bat ere igaro zen haiei begia ezin kendu.
Arbesera iristean auzotar asko zeuden bertan ere esperoan eta kantinera bere etxeko leihora atera zen halako batean. Danbor hotsak eta txalo andanak akonpainatu zuten eskaileretan behera, eta behin ataria igarota, bere lehen agurra egin zion konpainiari. Bere alboan familiako kideak egoteaz gain, gainerako kantinerak ere egon ziren.
Hurrengo entseguak hilaren 20an eta 24an izango dira, Borda Txikitik abiatuta ere 20:00etan