IAM pabiloiaren oinarrizko idazketa, Eusko Jaurlaritzaren babesa lortzeko
Ia milioi erdiko aurrekontua bideratu du Irungo Udalak IAM pabiloiaren oinarrizko idazketara. Eusko Jaurlaritzaren babesa falta duen proiektua da.

Gaur iragarri du Cristina Laborda alkateak IAM pabiloia egikaritzen hasteko oinarrizko proiektuaren idazketa lehiaketara atera duela udalak. Idazketarako aurrekontua 403.172 eurokoa da.
Egun, aldundiaren eta Espainiako gobernuaren babesa duen proiektua da, baina ez dauka Eusko Jaurlaritzaren babesik. Proiektuak Jaurlaritzaren babesa zergatik ez duen galdetuta, alkateak erantzun du haiei galdetu beharra legokeela. “Nik uste dut denek bat egingo dugula momenturen batean. Egia da Eusko Jaurlaritzak azaldu zuela proiektua hobe ezagutzeko beharra dutela eta jada enkargatu dugu proiektua idaztea”.
Hala, oinarrizko proiektua idatzita Jaurlaritzaren babesa lortzea duela orain helburu adierazi du Labordak. “Proiektu honen bueltan erakunde guztiak batu behar ditut alkate gisa dudan arduragatik”, esan du. Labordak argi du 2029an Nazioarteko Eskubaloi Txapelketa Irunen jokatuko dela eta IAM pabiloian.
Oinarrizko idazketa
Ficobako aparkalekuan eraiki nahi du udalak IAM kirol eta kulturarako pabiloia eta maiatzeko osoko bilkuran onartu zuten HAPO aldaketa, Kostarbe eremuari dagokiona eta Ficobari erantsita dagoena. Era horretan, IAMk lekua izango luke HAPOn. “Aldaketa honekin berretsi egiten dugu hiriarentzako gure apustu irmo hau. Orain, diseinua eta ezaugarriak definitzeko garaia da”, azaldu du alkateak.
Pabiloia beraz gain, lur azpiko aparkaleku bat egitea da udalaren asmoa, egun dagoen aparkalekua ordezkatuko duena. Izan ere, egungo aparkalekuan eraiki nahi dute IAM.
Bestalde, pabiloiaren aforoa, eserita daudenentzat 5.000 ikuslerentzat izango da eta zutik daudenentzat 10.000koa. Idazketaren kontratuarekin pabiloiaren funtzionamendua zehaztu nahi dute, maila ezberdinetan, hau da, zehaztu nahi dute non izango dituen sarrerak eta ea nola egokituko den egungo lurzorura.
Halaber, bertaratzeko mugikortasun aukerak aztertuko dituzte eta jende asko elkartzen denerako sarbide eroso eta seguruen instalazioak bermatu beharko ditu lehen idatzi honek. Era beraen, alternatibak eskaini beharko ditu txosten honek eta bertan hainbat aukera jaso beharko dituzte bestelako posibilitateak izateko, aparkalekuari dagokionez edota harmailei dagokienez, esate baterako.