Bidasoa Bizirikek diplomak banatu ditu
2024-2025 ikasturtean bost prestakuntza eskaini ditu Bidasoa Bizirikek. Horietan parte hartu duten 62 pertsonek jaso dute ziurtagiria.

2024-2025 ikasturtea bukatzen ari den honetan Bidasoa Bizirikek ziurtagiriak banatu dizkie prestakuntza ikastaroa jaso duten ikasleei. Guztira, bost prestakuntza eskaini dituzte eta horietan parte hartu duten 62 pertsonek jaso dute ziurtagiria. Horiek Lanbideren eta Irun Ekintzan programaren lankidetzarekin garatu dira.
Baina Bidasoa Biziriken profil profesional baten titulua ez ezik, bigarren helburu nagusia betetzea lortu dute ikastaroa burutu duten pertsonen ia erdiak (%48k). Egindako lanketari esker, dagoeneko lana eskuratu dutela adierazi du erakundeak harro. Hori baita ikastaroen helburua: eskualdeko pertsonen enplegagarritasuna, gizarteratzea eta gaitasun profesionalen hobekuntza sustatzea.
Aurtengo prestakuntzak Errotu 2024 (Jatetxe eta tabernetako zein Sukaldaritzako oinarrizko eragiketak), Zerbilan 2024 (Administrazio eta zerbitzu lanen eragiketak), Ordenagailuen gidatze ikastaroa, Bezeroarentzako arreta emateko frantsesa eta IT Txartelaren ziurtagiriak prestatzeko ikastaroa izan dira.