Udalak eta C. Sukia Eraikuntzak hitzarmena sinatu dute
Hitzarmenaren bidez, udalak babes ofizialeko 25 etxebizitza (2.192m²) jasoko ditu Labrederren. Aldi berean, Alde Zaharra eta Portua lotzeko igogailu publiko bat eta plaza berri bat eraikiko dituzte.

Hondarribiko Udalbatzak 2024ko maiatzaren 29an onartu zuen Madalena Kuboa / Labreder eredua garatzeko hirigintza hitzarmena eta gaur goizean hura sinatzeko bilera egin dute udaletxean.
C. Sukia Eraikuntzak S.L sustatzaileak eta udalak sinatutako hitzarmena etxebizitza larrialdiari erantzuteko “aurrerapausoa” dela adierazi du udalak; alokairu babestuaren aldeko apustu “argia” izateaz gain, ingurune urbanoaren “eraldaketa eta hobekuntza” ekarriko baitu. Enpresa sustatzaileko Aitziber Sukiaren esanetan “alde guztientzat ona” den akordioa da honakoa; “izan ere, sustatzaileok ere gaur egun dagoen etxebizitza larrialdiaz jabetzen gara eta Madalena-Kuboari dagokionez, gure konpromisoa irmoa da udalari eraikin osoa eraikita emateko”.
Hitzarmenaren bidez, udalak babes ofizialeko 25 etxebizitza (2.192m²) jasoko ditu Labrederren. Etxebizitza horiek udalak sortuko duen Etxebizitza departamentuak kudeatuko ditu eta Hondarribian erroldatuta dauden eta alokairu babesturako sarbide irizpideak betetzen dituzten pertsonei zuzenduko zaizkie.
Labrederreko eta Madalena-Kuboko etxebizitzak aldi berean eraikiko dira, eta beraz, aldi berean entregatzeko konpromisoa hartu du sustatzaileak. Horrek, alokairu babesturako etxebizitzak herritarren zerbitzura jartzeko epeak nabarmen laburtzea ekarriko du.
Auzoak konektatzeko helburua
Madalena-Kuboko esku hartzea Alde Zaharra eta Portua lotzeko ardatza izango da. Etxebizitzez gain igogailu publiko bat, eta plaza berri bat eraikiko dituzte, “ondare historikoaren, eta bereziki, harresiaren balioa azpimarratuz”.
Lan horiek, gainera, “hiri berroneratze integrala” eragingo dutela adierazi du udalak: oinezkoentzako konektibitatea hobetu eta mugikortasun murriztua duten kolektiboen inklusioa erraztu eta herritarren topaguneak sortuko dituztelako. Honekin guztiarekin, udalak legezko betekizunak baina gehiago jasoko ditu.