Kirol proiektu eta ekitaldi handiak baino herritarren beharrak lehenestea nahi du Elkarrekinek
David Nuñok udal gobernuari galdegin dio argitzeko zein den haien hiri eredua. Hiria ez dagoela ekitaldi handietarako prestatuta deitoratu du ere.

Espainiako Koparen antolaketa “bikaina” izan dela uste du Elkarrekin Irunen bozeramaile David Nuñok baina udal gobernuari eskatu dio “bete beharko lituzkeen lehentasunak eta lortu nahi den hiri eredua” zein den argitzea. Hiria ez dagoela ekitaldi handietarako prestatuta uste du bozeramaileak eta horren eredutzat jarri ditu trafiko aldaketak, aparkaleku falta eta mugikortasunean izandako aldaketak.
Ekitaldi handiak hiriarentzat erakusleiho ona direla dio Nuñok baina oraintxe ez duela “lehentasuna” izan behar adierazi du: “Irundarren egunerokotasuna zailtzen duten arazoen gainetik, arazo horiek oraindik ere konpondu gabe daude”, deitoratu du.
Irundarrek aspalditik galdegiten dituztela haien beharretarako irtenbide zehatzak gogoratu du bozeramaileak, hala nola, osasuna, mugikortasuna eta aparkalekua, segurtasuna, garapen ekonomikoa edo auzoetako inbertsioak. “Gobernu honek eraiki nahi duen hiri eredua ez da errealista eta ez du erantzuten herritarren gabeziei eta beharrei”, gaineratu du.
Lehentasunekin jarraituta, IAM pabiloia “oso proiektu erakargarria” bada ere, ea proiektu hau lehenetsiko zuten herritarrek galdetzea norbere buruari proposatu du Nuñok. Izan ere, bi kiroldegietan gabeziak daudela uste du, instalazioen mantentze lan faltagatik, jardueretako murrizketa “esplikaezinengatik” eta langileentzako lan baldintza prekarioengatik.
Oinarritik eraikitzen hastea proposatu du Nuñok eta horretarako zerbitzuak sendotzea eskatu du eta herritarren eskaerei erantzutea, “hiriaren gabeziak ezkutatzen dituzten proiektu eta ekitaldi handietan murgildu aurretik”.