Itsaso osasuntsu baten alde elkartu dira Hondarribian
Hondarribiko kolektiboen arteko aliantza berri baten erakusketa aurkeztu eta Zabor eta Bio erraldoiak ezagutarazi dituzte.

Mater itsas ingurumena “ezagutu, maitatu eta zaintzeko” ingurumen hezkuntza zentro bat da, eta udan Zero Zabor kanpainaren baitan egiten duten itsas zeharkaldiaz gain, Pasaian egoten da urte osoan zehar.
Zero Zabor Uretan proiektua duela zazpi urte sortu zuten, herritarrak itsasoaren zaintzaren defentsan kontzientziatzea eta itsas zaborren prebentzioan inplikatzeko helburuarekin. Egun Euskal Herriko zortzi udalerritan dago martxan, eta horietako bat da Hondarribia.
Gaur goizean herriko ikastetxe guztiekin landutako jarduera aurkezteko saioa egin dute Arma Plazan eta bertan bildu dira Sara Lizartza Mater Ontziko itsas zientzialaria, Garoa Lekuona Ingurumen zinegotzia, Maria Carrera Amuitz Merkatarien elkarteko lehendakaria eta Talaia eta Ama Guadalupekoa ikastetxeetako 4. mailako ikasleak.
Lizartza oso pozik agertu da Zabor eta Bio erraldoiak protagonista zituen jarduerak Hondarribian izan duen harrerarekin: “Edozein herritan ez dira hainbeste pertsona eta hainbeste kolektibo itsasoaren zaintzan batzen. Eta hori eskertzeko eta balorean jartzeko etorri gara”, adierazi du. Hiru ikastetxeez gain [Egiluzek ere parte hartu du], udalak eta herriko merkatariek ere parte hartu baitute proiektuarekin.
4. mailako ikasleen ordezkariek egin duten lana azaldu dute lehenik, eta segidan, Garoa Lekuonak itsasoan pilatzen den zaborraz kontziente, praktika horrekin bukatzeko udaletik egiten dituzten ahaleginez hitz egin die ikasleei. Ahalik eta zabor gutxien sortzeko eta sortzen dena ongi botatzeko ahalegina herritar guztiena dela gogoraraziz.
Ondoren, Maria Carrerak hartu du hitza, eta Amuitz Merkataritza elkartearen ordezkari gisa. Garrantzitsuena denen artean lan egitea dela nabarmendu du lehendakariak: “Izan ere, plastiko pila bat sortzen dugu eta Ipotxen plastiko asko ikusten dut lurrean, eta ohitu behar gara jasotzen, garbitzen eta ahalik eta gutxien erabiltzen”.
Ikasleek egindako lanak eta marrazkiak Arma Plazan ezarriko dituzte ikusgai.
Zabor eta Bio
Zabor eta Bio erraldoiak aurkeztu dituzte jarraian. Mater ontziarekin kantauri itsasoa zeharkatzen dute eta denetarik ikusi dutela kontatu du Lizartzak: “Baleak izurdeak, arrainak… eta baita plastikoa nonnahi”. Abentura horietako batean, Jaizkibel mendiaren parean, Zabor eta Bio erraldoiak aurkitu eta Mater ontzira igoarazi zituztela kontatu du Lizartzak.
Zabor itsas hondakinen munstroa da, eta itsasora iristen den plastikoez osatuta dago. Munduan minuturo kamioi bete plastiko uretara botatzen dela kontatu du Lekuonak. Plastiko horiek ondoren mikroplastiko bihurtzen dira eta horiei esker Zabor gero eta indartsuagoa egiten ari da. Herritarrek ere mikroplastiko horiek barneratzen dituztela azaldu die ikasleei.
Biok, aldiz, bizitzaren sarea irudikatzen du eta gaixo dago. Urak eta itsasoak “oso gaizki” daudelako. Horregatik denen egitekoa Bio sendatzen laguntzea dela esan die ikasleei, eta zaintzen lagundu behar dutela, “Bio gaixorik badago, gu ere gaixorik gaudelako”. Hori egiteko plastikoa birtziklatzera botatzeaz gain, gutxiago sortzen saiatu behar direla gogorarazi du.
Azkenik, Lizartzak eskerrak eman dizkie ikasleei egin duten lanagatik eta ohiturak aldatzera animatu ditu. Mater ontzia uztailaren 20an porturatuko da herrian, eta egun horretan antolatuko dituzten jardueretan parte hartzera animatu ditu herritarrak.