Maila goreneko pilota partidak ez du hutsik egingo sanmartzialetan
Altuna III-Martija eta Ezkurdia-Rezusta arituko dira nor baina nor uztailaren 1ean. Sarrerak jada eros daitezke.

Uranzu pilotalekua da sanmartzialetan maila profesionaleko kirol espektakuluaren egoitza. Urtero bezala, uztailaren 1ean esku pilota profesionaleko jaialdia egingo da bertan 18:00etan eta honen aurkezpena pasa den astean egin zuten Borja Olazabal Kirol ordezkariak; Luis Fernandez, Kurpil Kirolakeko presidenteak; Iker Bereau, erakunde horretako pilota arduraduna; eta Inaxio Errandonea, Aspe enpresako gerentea.
Bi partida jokatuko dira aurten ere. Lehenbizi, promoziokoa eta honetan Exposito-Aldabe eta De la Fuente-Bikuña bikoteak arituko dira, eta ondoren, izen handien txanda izango da: Altuna III-Martija eta Ezkurdia-Rezusta.
Sarrerak 30 euroan eros daitezke lotura honen bidez, baina fisikoki eskuratzeko aukera ere badago Uranzu pilotalekuan bertan partidak hasi baino ordubete lehenago. Bestalde, Kurpil Kirolak elkarteko bazkideek haien egoitzan lor ditzakete sarrerak hilaren 23an, 24an eta 25ean, 18.00etatik 20:00etara.