Julia Lasak eta Naiara Goikoetxeak jaso dute Hondarribia Sormen Hiria beka
Hondarribia Sormen Hiria programa tokiko sortzaileei laguntzeko tresna estrategikoa da udalarentzat, eta Madalen lokalak erakusketa espazio eta bitartekaritza egitura gisa funtzionatuko du.

Hondarribiak tradizio artistiko “luze eta bizia” du eta bizileku zein inspirazio iturri izan da hainbat figura historikorentzat: Remigio Mendiburu, Nestor Basterretxea, Jose Etxenagusia, Joxe Gracenea… Eta gaur egun hainbat sortzaile ezagun herrian bizi dira; Javier Sagarzazu, Iñaki Ruiz de Eguino edota Javier Alkain, esaterako. Artista horiek guztiek eragin handia izan zutela ukaezina da, baina gaur egun egiteko horretan diharduten hainbat artista, sortzaile eta ilustratzaile berri daude ere.
Horiei laguntzeko asmoz, egungo udal gobernu taldeak Hondarribia Sormen Hiria 2025 arte beka berreskuratzeko konpromisoa hartu zuen agintaldiaren hasieran, eta 2025eko Udal Aurrekontuetan —34,3 milioi euroko aurrekontua onartu zen, inoizko handiena— sorkuntza artistikora bideratutako partida espezifiko bat ezarri zuten, Hondarribia Sormen Hiria programa tokiko sortzaileei laguntzeko tresna estrategikoa baita udalarentzat.
Halaber, dokumentu ofizialek sektore artistikoko baliabideak erakusketa espazioen eta kultura bitartekaritzako egituren bidez indartu behar direla adierazten dute, eta, hain zuzen, horretarako inauguratu zuten martxoaren 28an Madalen lokala.
Madalen lokala
Gune “balioanizduna eta dinamikoa” da eta une honetan Judas Arrietak kudeatu duen Artea eta Euskara erakusketa jasotzen du [Ekainaren 27ra arte bisitatu daiteke]. Artearen eta euskararen arteko lankidetza indartzea du helburu.
“Euskal artista garaikideek beren lanak euskaraz aurkeztea ez da soilik aukera estetiko edo komunikatibo bat; euskarak kulturaren eremuan duen presentzia indartzeko ekintza zuzena ere bada”, azaldu du Arrietak. “Arteak gizarteko ideiak, emozioak eta errealitateak transmititzeko gaitasuna du; eta hori guztia euskaraz adierazteak bizitasuna ematen dio hizkuntzari, eta eguneroko erabilerarako espazio berriak irekitzen dizkio”, gaineratu du.
Erakusketak kultura aniztasuna eta sormen aberastasuna balioan jarri eta belaunaldi berriei erreferenteak eskaintzen dizkie, euskal kulturaren transmisioa bermatzen lagunduz. Lokalean honako artisten lanak ikusi daitezke:
1. Aiert Alonso – Lekittoko serkia (Atezuan)
2. Aida Jorda – Onyarbiko hitzak
3. Andoni Gallego – Hondarribiko paisai lainotsua
4. Maider Goikoetxea – Berpiztu 2021-2025
5. Miriam Loidi Zulet – Artilea
6. Naiara Goikoetxea – Zeruko sinfonia
7. Eneko Sagarzazu Zuza – Txapelmon
8. Aitzol Goikoetxea – Inork ez zidan esan…
9. Julen Goikoetxea – Amahitz unibertsala
10. Saioa Ayala – Itsasoa gara
11. Julia Lasa Goikoetxea – Euskera
12. Lupe Amunarriz – Udaberriko sustraiak
13. Joseba Olaskoaga – Ama
14. Maximiliam Pelzmann – Soinuaren armonia
Hondarribia Sormen Hiria
Hondarribia Sormen Hiria bekaren lehen edizian sei proposamen jaso dituzte, —horietako bost emakumeenak—. Guztien “kalitatea eta interes artistikoa” oso handia zela nabarmendu du epaimahaiak, eta proposamenek “barru-barrukoari eta kolektiboari buruzko begirada sakona” islatzen dutela gaineratu dute.
Bekak ordea, bi saritu soilik izan zitzakeen eta epaimahaiak Julia Lasaren eta Naiara Goikoetxearen lanak hautatu ditu. Lasak Hutsa proiektua aurkeztu zuen, Nepaldala GKEarekin eta Katmanduko 12 emakumerekin lankidetzan egindako ilustrazio poetikoa.
Goikoetxeak aldiz, 470 nm proiektua aurkeztu zuen. Argazkia eta argi artea konbinatuz hainbat ardatz eta kontzeptu dituen sormen prozesu batean oinarritzen da haren lana eta hiru obra handi, material didaktikoa eta erakusketa bat ditu.
Epaimahaia Idoia Seijo Iruretagoienak, Jonan Basterretxea Irurzunek, eta Gregorio Uriarte Prietok osatu dute. Maddi Carton Etxeberria idazkari gisa aritu da.