Banatu dituzte Kooperatuz sariak
Printzipio kooperatiboak saritzeko BDSKoopek sortutako sariketa da eta aurtengoan hedatu egin da saritzeko panoramika.

BDSKoop elkarteak hirugarrenez antolatu ditu Kooperatuz sariak eta printzipio kooperatiboak “modu aktiboan” lantzen dituzten kooperatibak aitortzea da asmoa. Lehen edizioan, Bidasoako enpresak sarritu zituzten, bigarrenean Gipuzkoara zabaldu zuten prisma eta hirugarren honetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoara hedatu da sariketa.
Zabaltze honi esker, ikuspegi “globalagoa” eman diote ekimenari eta hari esker ere ezagutu dituzte errotuta daude, integratzaileak diren eta eraldatzen dakiten proiektuak. Ondorioztatu dute printzipioen aplikazioan proiektu “oso ezberdin” eta “eredugarriak” daudela hiru lurraldetan. “Kooperatiba izatea ez da CIF huts bat; kooperatibak baino, kooperatibistak behar ditugu. Horregatik, saria ematen diegu ekonomia sozialean, era kontzientean eta konprometituan sortutako enpresei, eraldaketa soziala helburu duten ekimenei”, azaldu dute.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 6.000 enpresa inguruk dute konpromisoa ekonomia sozialarekin eta sektore horrek 150.000 lanpostu baino gehiago sortzen ditu, enpleguaren %10, hain zuzen. Dena den, BDSKoopek deitoratu du kapitalaren logikan oinarritutako enpresak direla nagusi hiru lurraldetan: hamar aldiz gehiago dira SL eta SA enpresa eta 165.000 autonomo inguru daude.
Ekonomia sozialak diruaren birbanaketan laguntzen duela adierazi dute antolatzaileek, herritarrak eta langileak direlako erabaki ekonomikoen parte. Halaber, kooperatibistek uste dute lurraldearekiko atxikipena sendotzen duela, lanarekiko konpromiso eta motibazioa indartzen dituela eta hiritar aktibo eta parte hartzaileak sortzen dituela. Konparaketa bat egite aldera, bizitzaren kontziliazioan laguntzeko bidean, kooperatibek sektore kapitalistak baino bizitza bizigarriagoak sortzen dituela adierazi dute. “Krisi global kapitalistaren aurrean, ekonomia soziala ezinbesteko aliatu dugu”, aldarrikatu dute.
Sariketa
Bi sari banatu dituzte; horietako batek barnera begirako printzipioak saritu ditu eta besteak kanpora begirakoak. Parte hartzea “handia” izan dela baloratu dute eta kalitate handiko proiektu asko jaso dituzte. “Bi soilik aukeratzea zaila izan da”, aitortu dute.
Saririk eman ez bazaie ere, BDSKoopek aipamen berezi batzuk egin nahi izan ditu, tartean, Maitelan Kooperatiba, EH Kom, Ta Puntu, Eme edo Labox komunikazioa.
Barnera begirako sariarekin baloratu dutena izan da sarrera librea eta borondatezkoa izatea, kudeaketa demokratikoa, parte hartze ekonomikoa, autonomia eta independentzia. Aitortza hau Tantai Baso Jabe kooperatibak jaso du eta hezkuntza komunitate proiektuetan ikuspegi transbertsala eta parte hartzailea saritu dute.
Bestetik, kanpora begirako printzipio kooperatiboak saritzerakoan, komunitate eta kooperatibekiko lankidetza eta interesa saria da kontutan hartu dutena. Hala, Aiaraldea Kooperatiba Elkartea izan da sariduna.