40 urteko ibilbidea ospatzeko "kontzertu berezia" antolatu du Xatz Eskifaiak
Hilaren 21ean izango da kontzertua, Portuko elizan, 20:30ean. Abesbatzako kide izandako abeslariez gain, 40 urte hauetako zuzendariak ere gonbidatu dituzte kontzertura.

Xatz Eskifaia abesbatzak 40 urte beteko ditu aurten, eta urteurren borobila ospatzeko kontzertua antolatu dute hilaren 21erako. Portuko elizan izango da, arratsaldeko 20:30ean. Hitzordu “berezia” izango dela aurreratu dute eskifaiako kideek; izan ere, egun abesbatza osatzen duten abeslariez gain, bertako kide izan diren 25 abeslarik ere parte hartuko dute bertan.
Azken hilabetean buru belarri aritu dira kontzertua prestatzeko entseguak egiten, eta horietan asko gozatu dutela azaldu dute: “Abesbatzaren partaide izandakoen erantzuna izugarri ona izan da eta oso pozgarria izan da aspaldiko lagunekin berriro elkartzea eta elkarrekin abestea”.
Kontzertuak bi zati izango ditu. Lehen zatian abesbatzako partaideen “gogo eta sentipenen arabera” aukeratutako hainbat obra entzun ahal izango dira, estilo ezberdinetakoak: musika sakroa, euskal kantak, beste herrialdeetako obrak… Bigarren zatian, berriz, taldeko kide izandakoak batuko dira eta elkarrekin beste hiru obra kantatuko dituzte, abesbatzaren ibilbidean “esanahi berezia” izan dutenak.
Kontzertuari amaiera emateko abesbatzaren sortzaileetako bat den Javi Bustoren obra bat estreinatuko dute. Honakoa Xatzen urteurrenarentzat propio konposatutakoa da, eta Busto bera izango da kontzertuan kanta zuzenduko duena.
Abesbatzako kideez gain, 40 urte hauetan abesbatza zuzendu duten zuzendari guztiak konbidatu dituzte kontzertura: Emilio de la Linde sortzailea, Agustin Mendizabal, Maite Oca, Alaitz Guridi eta Isabel Mantecon, eta nola ez, gaur egun zuzendaria den Amaia Aldalur ere bertan izango da.
“Emozioz betetako kontzertua izango da guretzat” adierazi dute kideek, eta ez da gutxiagorako. Ilusio handiz ibili dira dena antolatzen eta ziur daude kontzertu “polit eta hunkigarria” izango dela. Gainera, kontzertua eskerrak emateko ere baliatuko dute kideek: “Urte hauetan bidelagun izan ditugun askorekin elkartzeko, eta hauei zein ikusle leial izan diren guztiei eskerrak emateko aukera polita iruditzen zaigu”.