Pottokek bizirauteko lehen kirol hitzarmena sinatu dute
Jaizubia Zaldiketa Eskolak urtean lau pottoka heziko ditu bost urtez eta kirol eta aisialdi erabilera emango diete. Horretarako hitzarmena sinatu dute eta Hego Euskal Herriko lehena da.

Jaizubia Zaldiketa Eskolak eta Gipuzkoako Pottoka Hazleen Elkarteak hitzarmena sinatu dute pottoka zaldi arrazaren erabilera aisialdiko eta kirol arloko zaldi gisa Irungo hipikan sustatzeko xedez. Hego Euskal Herrian lehen aldiz sinatutako hitzarmena da, eta bost urtera begirakoa da, luzatzeko aukerarekin.
Irungo hipikan bizpahiru urte daramate pottokak kirol eta aisiarako baliatzen, baina Itziar Urtizberea hipikako zuzendariaren arabera, hitzarmen horrekin konpromisoa «berretsi» eta lankidetza «estutu» dute paper gainean. Urtean lau pottoka utziko dizkio Gipuzkoako Pottoka Hazleen Elkarteak zaldiketa eskolari, eta hipikan hezi egingo dituzte haurrei klaseak emanez, jauzi txapelketetarako erabiliz eta mendi txangoetara ateraraziz. Egun, zazpi pottoka daude Irunen, eta dagoeneko alde batera utzi dituzte beste poni arrazak. Hipikaren lanak «zubi lana» beharko duela izan adierazi du Aitor Iraeta Pottoka Hazleen Elkarteko presidenteak, bai zaldi horren haztea ez desagertzeko, baita kirol munduan ez desagertzeko ere.
Hazleen elkarteak ahalmena du moxalak sortzeko, horiek hazteko eta profesional batzuei eraman eta elkarteak bereak hazten jarraitzeko. Narciso Arrillaga hazleen elkarteko lehendakariordeak azaldu du haiek hezitako zaldi gazte batek ezin duela berehala haur batek erabili. Hartara, pottokak ezinbestekoak dira haurrak zaldien mundura gerturatzeko. «Jaizubiarekin dugun helburua da Irunera eramatea urtero lau moxal hezita, eta beraiek emango dioten erabilerarekin, esperientzia emango diete pottokei eta ondoren beste zalditegiei salduko dizkiegu, beste umeek erabiltzeko», adierazi du Arrillagak. Hitzarmena sinatu dutenentzat jauzi kualitatiboa «sekulakoa» izan da.
Pottokekin kirol harremanetan jartzeko, gutxienez 6 urte izan beharko dituzte haurrek eta gehienez 13. Dagoeneko hainbat haurrek hartu dute parte lehiaketetan, eta Urtizberea lehendakariaren esanetan, «emaitza onak» lortu dituzte. Ziurtatu du haurrak kontent daudela, eta hurrengo hitzordua asteburu honetako Irun Hiria Sari Nagusia dute. Horrez gain, pottoken munduan murgildu nahi duenak aukera izango du uztailaren 2tik abuztuaren 16ra bitartean egingo diren udalekuetan. Jaizubian bertan izango dira, eta paseoak ematetik, jauzika aritzera igaroko dira txikienak. Interesdunek 943 61 90 15 edo 630 07 77 29 telefono zenbakira deitu behar dute.
Desagertzeko arriskuan
Pottoka XX. mende bukaera arte Euskal Herriko eta Kantauri isurialdeko zaldi arraza bakarra izan zen, eta arraza hau baliatzen zen baserri edo garraio lanetarako. Aurreko mendearen bukaeran, baina, pottoka desagertzeko arriskuan zegoela deliberatu zuten, eta arrazari eusteko laginak hartzen hasi ziren. Ordutik, pottoka ez desagertzea lortu da eta Hego Euskal Herrian, 1.000 pottoka daude egun.
Bi genealogia ditu pottokak. Hego Euskal Herrikoa bat, Ipar Euskal Herrikoa bestea. Hegoaldeko pottokak zaldi arin baten itxura du, eta 1,15-1,30 metro artean neurtzen ditu. Beltzak edota gaztainaren kolore ilunekoak dira. Hartara, mendietan ikusi ohi direnak ez dira pottoka arrazak, nahasketak baizik. Esate baterako, Jaizkibelgoak. Pottokari eusteko haragitarako zaldiekin gurutzatu dira mendian bizi diren gehienak. «Mendian ikusten diren zaldiak pottokak direla esateko kultura dago gurean, lehen pottokak bakarrik zeudelako», zehaztu du Arrillagak.
Ipar Euskal Herriko pottoka arrazak pottok izena du, eta hura eusteko beste prozesu batzuk baliatu dituzte. Narciso Arrilagaren ustez, Hego Euskal Herrian «zorrotzagoak» izan dira pottokaren fenotipoa mantentzen, eta Ipar Euskal Herriko pottokak ez direla hain «homogeneoak» adierazi du, handiagoak, txikiagoak eta kolore askotakoak baitira.
Pottoka hazleak argi du haien lanak bukaera bat baduela, eta erabilgarritasunik izan ezean, zaila du etorkizuna pottokak. «Diru laguntzek mantenduko dute, baina horiek desagertzen direnean, zer gertatuko da arrazarekin?», galdetu du Arrillagak. Hitzarmenak zaldien bizi oparoaren seinale izatea espero du.