Osasun Bidasoa: "Mobilizazioen ondoren ez dugu erantzunik jaso"
Herritarrek egindako eskaerei erantzun ez izana salatu du Osasun Bidasoa plataforma herritarrak, eta "aldaketarako proposamen zehatza" aurkezteko eskatu diote Osasun sailari.

Maiatzaren 31n “osasun zerbitzuen etengabeko gainbehera” salatzeko manifestazioa deitu zuen Osasun Bidasoa plataformak. Oso jendetsua izan zen, eta herritarrek argi utzi zuten eskualdeko arreta pediatrikoan aldaketa bat ezinbestekoa dela.
Manifestazioaren ondoren, Osasun Bidasoa plataformak gutun bat bidali zien Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuari eta Osakidetzako zuzendari nagusiari, herritarren eskakizunei premiaz erantzuteko eskatuz. Hilabete beranduago, ordea, erantzunik jaso gabe jarraitzen dutela salatu du Osasun Bidasoa plataformak, eta gaineratu dute “12.000 inguru herritarrekiko errespetu falta” iruditzen zaiela.
Ekainaren 2tik, hau da, gutuna bidali zuten egunetik, osasun-zentroetako arreta pediatrikoak nabarmen egin duela okerrera esan dute ere: “Oraindik ez da betetzen agindutako ordutegi-luzapena, 17:00ak arte. Gainera, 08:00etatik 15:00etara ez dago ia pediatrarik, eta larrialdiak bakarrik artatzen dira, kasu askotan beste zentroetako profesionalen errefortzuen bidez. Irun Zentroko lehen mailako arretako larrialdietan (EAG) ez dago pediatrarik, eta pediatriako erizaintzako errefortzuak ez du lanik egiten ez larunbatetan ez jaiegunetan”.
Hortaz gain, haurren eta gazteen psikiatriako kontsultak itxita jarraitzen duela deitoratu dute, eta familiek “zailtasun handiak” dituztela Donostian seme-alabentzako hitzordua lortzeko. “Ez dago urologia- kontsultarik Donostiara bideratzen baita. Dermatologia, kardiologia, otorrino eta oftalmologiarako itxaron-zerrendak 60 egunetik gorakoak dira. Traumatologiarako, itxaronaldia 146 egunekoa da, eta urologiarako, 154 egunekoa”.
Manifestazioaren ondoren “herritarren adierazpena oso argia izan zela” eta “entzuten eta aintzat hartzen ari garela” adierazi zuen Osasun Sailak. Baina plataformari zein Irungo eta Hondarribiko alkateei ere erantzun gabe jarraitzen du Osasun sailak.