Bota Betta bideo musikalen tailerra antolatuko dute bigarrenez
Amua elkarteak Hondarribia Kulturarekin elkarlanean sortutako formakuntza da. Izen ematea hilaren 16an (astelehena) zabalduko da.

Azaroan egingo den Amua Musika Film Laburren jaialdiaren aurrerapen gisa, bigarren urtez segidan, Bota Betta bideo musikalen tailerra antolatu du Amua elkarteak Hondarribia Kulturarekin elkarlanean.
16 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzenduriko tailerra da, bideo musikalak grabatzen eta editatzen irakasteko helburua duena. Izaera praktikoa izango du eta mugikorraren erabilera izango du ardatz.
Saioak Anuska Ariztimuñok gidatuko ditu. Ariztimuño ikus-entzunezko errealizadore ezaguna da eta Audi, Movistar edo BMW bezalako marka ospetsuentzako pieza komertzialak zuzendu izan ditu.
Formakuntza 90 minutuko hiru saiotan banatuko da. Lehen saioa uztailaren 15ean izango da, bigarrena uztailaren 22an eta azkena 29an. Hiruak kultur etxean izango dira, goizeko 10:00etatik 11:30era. Saioak, gainera, euskaraz izango dira.
Bertan sortzen diren grabazioak Amua Jaialdian ikusi ahal izango direla aurreratu dute antolatzaileek. Jaialdia azaroaren 15ean egingo da.
Nola parte hartu
Izen ematea hilaren 16an (astelehena) zabalduko da, eta uztailaren 3an itxiko da.
Parte hartzeko, mezu elektroniko bat bidali behar da mcarton@hondarribia.eus helbidera. Gaiaren izenburuan ‘Bideosormen tailerra’ ipini beharko da eta mezuaren barruan parte hartu nahi duen pertsonaren NAN zenbakia eta izena adierazi behar dira. Adina egiaztatzea beharrezkoa izango da.
Tailerrean bederatzi lagunentzako tokia dago. Horiek izen ematearen hurrenkeraren arabera beteko dira. Gainontzekoak itxarote zerrendan sartuko dira.