Bikingo Eguna; HS2 eskolaren lana erakusteko jaialdia
Urteroko artisau merkatuaz gain, SUP txapelketak, haurrentzako ludoteka eta Dragon Boat erakustaldia antolatu dituzte XVII. Bikingo Egunerako. Izen emateak, 09:30etik aurrera.

Inoiz baino indartsuago itzuli da 2025eko Bikingo Eguna. HS2 eskolak (Hondarribia Surf eskola) urte osoan zehar egiten duen lana ikustarazteko antolatzen duen jaialdia da, eta horregatik, mimo bereziarekin prestatzen dute urtero.
Egun garrantzitsua izaten da eskolarentzat. Irristatze kirolekin lan egiten dute, hau da, SUP-a, surfa, skatea, Dragon Boat-a lantzen dituzte, eta kirol horiek «nahiko berriak edo ez hain ohikoak» direnez, horiek gizarteratzea eta herritarrekin konpartitzea garrantzitsua dela azaldu du Iñaki Navascues HS2ren zuzendariak. Dena den, berriak izateak ez du esan nahi ezezagunak direnik, eta udari begira bereziki, «arrakasta handia» izaten dutela ziurtatu du, HS2 eskola udako udalekuetan «erreferente» izatera heltzeraino.
Larunbat honetan (bihar) izango da Bikingo Eguna, eta urtero bezala haur, gazte eta helduentzako ekintzak antolatu dituzte. Goizean SUP-a izango da protagonista. Lau txapelketa antolatu dituzte: Txiki SUP, SUP egokitua, eta Amateur eta Elite kategorietakoak. Izen emateak 09:30etik 10:30era zabalduko dituzte. Txapelketaren antolaketari buruzko informazioa 11:00etan emango dute, eta ondoren abiatuko dituzte lehiaketak. Lehen biak, Txiki SUP eta SUP egokitukoa, 11:40an hasiko dira eta Kai Zaharrean prestatuko duten zirkuitu bat osatu beharko dute.
Ondoren, Amateur eta Eliteen txanda izango da. 12:50ean emango dute irteera bateratua, eta kasu horretan, bi ibilbide burutu beharko dituzte. Amateurrek lau kilometrokoa egingo dute; Kai Zaharretik hondartzara eta buelta. Elite mailakoek, aldiz, Kai Zaharretik hondartzara, handik Amuitz irlara, ondoren Hendaiako bikietara eta azkenik, Kai Zaharrera itzuli beharko dute. Ibilbide hori hamar kilometrokoa izango da.
Amateur kategoriak batez ere arrakasta handia izaten duela azaldu du Navascuesek. Bertan parte hartzeko ezagutza minimo bat izatea beharrezkoa da. Materiala, berriz, bertan mailega daiteke doan. Lehiaketak bukatutakoan sari banaketa egingo dute, eta segidan, bazkaltzeko tartea hartuko dute.
Arratsaldean 16:00etan itzuliko dira Kai Zaharrera. Ordu horretan zabalduko dute haurrentzako ludoteka, eta bertan, gaztetxoenek jolasteko, aurpegia margotzeko, karts-ak erabiltzeko eta beste hainbat jarduera egiteko aukera izango dute. Arratsaldeko hitzordu nagusiak, aldiz, 17:00etan hasiko dira. Surf skatean ibiltzeko gunea zabaldu eta Dragon Boat erakustaldia egingo dute.
Asturiasko, Getxoko, eta Zaragozako taldeak gonbidatu dituzte eta Hondarribiko Dragon Boat taldearekin batera lehiatzera. Helburua «ondo pasatzea» eta ontzia hondarribiarrei erakustea izango da. Kai Zaharreko eskuin hondartzatik irtengo dira lau ontziak, eta erakustaldirako prestatuko duten ibilbidea bitan burutu beharko dute. Ontziek, gainera, orekatuak izan behar dute, ahalik eta berdintsuenak izateko.
Azkenik, eguna jai giroan bukatzeko, 19:30ak aldera, loreen zeremonia burutuko dute. Iaz egin bezala, Dragon Boat erakustaldian parte hartuko duten guztiak oholtza gainera igoarazi eta lore sorta bana emango diete. Egun osoan zehar, gainera, merkatua egongo da.
Dragon Boat-a
Duela urtebete aurkeztu zioten Dragon Boat-a herriari, 2024ko Bikingo Egunean. Ordutik urtebete igaro den honetan gauzak asko aldatu dira. Taldea nabarmen handitu da eta dagoeneko zenbaitek beren lehen lehiaketan parte hartu dute.
Duela gutxi izan zen hori. Bartzelonako Dragon Boat Fest nazioarteko lehiaketan parte hartu zuten, eta, besteak beste, Qatarko, Txinako, Frantziako, Kanadako, eta Abu Dhabiko taldeen kontra lehiatu ziren. Esperientzia hura «sekulakoa» izan zela kontatu du Navascuesek: «22 pertsonako ontzietan aritzera ohituta gaude, eta Bartzelonan hamabi pertsonako ontzi batekin lehiatu ginen. Horiek ezegonkorragoak dira, eta beraz, gure helburua ez iraultzea eta azkenak ez geratzea zen. Umorearekin hartu genuen, eta egia esan, talde bezala oso ondo funtzionatu genuen eta helburua lortuta itzuli ginen».
Lehiatzea ez da HS2 eskolak Dragon Boat-arekin duen helburu nagusietako bat, baina zenbaitetan parte hartzea egunerokotasunean motibazio bat izateko aitzakia ona izan daitekeela iritzi du zuzendariak.
Taldea osatu zutenean 27 emakume batu ziren taldera, baina egun 45 partaide izatera heldu dira. Orotariko taldea da, hau da, bularreko minbizia gainditu duten emakumeez gain, bada minbizia izan ez arren haiekin batera arraun egin nahi duten emakumerik ere, eta aurrerantzean gizonei ere taldearen parte izateko deia luzatu diete. «Zenbat eta pertsona gehiago izan taldean, orduan eta aukera gehiago izango dugu entrenatzeko. Denen laguntza behar dugu. Denak dira ongietorriak», adierazi du Navascuesek.
Kirola, denentzat irisgarria
Dragon Boat-a oso kirol irisgarria da. Pertsona askok elkarrekin kirola egiteko aukera dute eta talde baten parte izan ahal izatea ahalbidetzen du. Egun, helduen taldeaz gain, talde inklusibo bat ere dute, Paradragon deiturikoa, eta udako udalekuetan haurrekin erritmoa, elkarlana, eta oreka lantzeko erabiltzen dute.
Aldi berean, eliteko kirolariak izan gabe kirolaz gozatzeko aukera ematen duen modalitatea da, eta hori da hain zuzen ere, Navascuesen ilusioa. «Jendearen bizitza hobetu nahi dugu, eta kirola eginez ondo pasatu».
Dragon Boat proiektua garatu ahal izateko Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Hondarribiko Udalaren laguntza jaso du HS2 eskolak. Navascues zuzendariak eskerrak eman dizkie bi erakundeei; «izan ere, lan eta babes handia behar duen kirola da, eta gure azpiegiturak ez dira oso handiak. Aldundiak eta udalak eskaintzen diguten laguntza gauzak ondo egiten ari garenaren seinale da».