Irungo udal langileak prest daude EUDELekin negoziatzen hasteko
Negoziatzen hasi aurretik hainbat konpromiso sinatzea eskatu diote Irungo Udalari. Hori lortuta, negoziatzen esertzeko prest agertu dira udal langileak.

Hamabost urteren ondoren, udal langileei eragiten dien Udalhitz hitzarmena berritzeko negoziaketei ekingo die eta gaur ELA sindikatuak deituta elkarretaratzea egin dute udaletxe parean udal langileek. ELAk %50eko baino ordezkaritza handiagoa du Irungo udalean.
Maialen Aranburu ELAko ordezkariak azaldu du apirilaren 11n egin zutela EUDELekin lehen bilera baina mahaia ez osatzea erabaki zuen sindikatuan. Izan ere, negoziatzen hasi aurretik baldintza batzuk finkatu nahi zituzten, baita konpromiso politikoa lortu ere. Konpromiso politikoari dagokionez, aurreko hitzarmena negoziatu eta adostu zenean garaiko Irungo udal gobernuak (PSE-EEk) hitzarmena ez zutela aplikatuko adierazi zuen. “Negoziatu dezakegu munduko hitzarmenik hoberena baina hurrengo egunean ez badute aplikatuko, alferrikako negoziaketa da”, azaldu du Aranburuk.
Euskal Herriko lan baldintzak bertan negoziatzea eta ez Madrilen izan da premisetako bat. Aldi berean, gehiengoaren erabakia errespetatzea galdegin dute eta Udalhitza betetzeko eta babesteko konpromisoa edukitzea. Hasiera batean “ezinezkoa” zirudiela oroitu du Aranburuk baina mahaia ez osatzearen presioarekin eta martxoaren 28an egindako mobilizazioekin, negoziatzen hasi aurretiko premisen dokumentua sina zezatela lortu dutela azaldu du ELAko ordezkariak. “Badaukagu borondate politiko hori idatziz eta hortik aurrera dagokigu edukietan sartzea eta hitzarmena negoziatzen hastea da hurrengo urratsa”, zehaztu du. Egun, Irungo Udalak konpromisoa hartu du Udalhitz hitzarmena aplikatzekoa.
ELAk dekalogo bat aurkeztu du hamar aldarrikapenekin. Besteak beste, langileak azpikontratatzea dekalogoaren barruan dago eta erreferentzia zuzena egiten dio auziari. Pribatizazio gehiago ez egitea eskatu dute eta pribatizatuta dauden sektoreak publiko bilakatzea, langileen subrogazioarekin. Puntu hau “garrantzitsua” dela nabarmendu du Aranburuk.
EUDELeri egotzi diote edukiei buruz ez hitz egiten nahia eta hitzarmen berriari begira soilik aldaketa teknikoak egitea eta “aurpegi garbiketa” egitea. “Hori da haien helburua” salatu du ELAko ordezkariak. “Guretzat garrantzitsuak diren edukietara joateko, dekalogo bat aurkeztu dugu eta planteatu duguna da horri buruz hitz egin nahi dugula. Ez gara hasiko gai teknikoei buruz hitz egiten”, irmo adierazi du.