Fermin Muguruzaren Anoetako kontzertuagatik topo zerbitzua indartuko da
Larunbat gaueko topo zerbitzua bikoiztu egingo da, eta jende gehien espero den orduetan zerbitzua are gehiago indartuko da.

Kontzertu handia emango du larunbatean Fermin Muguruza irundarrak Anoetako estadioan, bere munduko biraren barruko handiena izango da. Horren harira, eta estadioan milaka jarraitzaile espero direlako, Euskotrenek erabaki du larunbat gaueko topoen zerbitzua indartzea: egun horretan ohikoa den zerbitzua bikoiztuko du (orduro izango dira topoak Hendaia eta Lasarte-Oria artean, bi noranzkoetan), eta gainera, jende gehien espero den uneetan (kontzertu bukaeran, adibidez) are gehiago indartuko da zerbitzua. Zerbitzu berezi horiek, Euskotrenek esan duenez, Irungo San Pedro eta San Martzial festen atarikoetan izango direnek ere baliatu ahalko dituzte.
17:00etan hasiko da Anoetako musika jaialdia, ate irekiera eta Stepi Selektah-ren emanaldiarekin. 18:00etan Niña Coyote eta Chico Tornadoren txanda izango da, eta 18:55an Palestinaren aldeko argazki erraldoia egingo da. 19:00etan, hip hop musika egiten duen Palestinako Dam taldearen txanda izango da, eta ondoren, Des-Kontrolen kontzertua hasiko da (20:00). Fermin Muguruzak 21:00etarako du iragarria haren saioa.
Edonola ere, ordutegien gaineko informazio gehiago behar duenak Euskotrenen 944 333 333 telefono zenbakira dei dezake, edo haien webgunearen bitartez kontsulta egin.