Bordari-Satarka lehiaketak logo berria estreinatuko du
Maore Sagarzazuk diseinatu du logo berria. Literatur lehiaketara aurkezteko epea hilaren 16an zabalduko dute eta irailaren 15ean itxi.

Astelehenean (hilak 16) zabalduko da Bordari-Satarka XL. Literatur lehiaketara aurkezteko epea. Euskararen erabilera bultzatzea eta idazle berriak sortzea helburu duen lehiaketa da eta aurtengo xehetasunak Garoa Lekuona Euskara zinegotziak eta Ander Moron Euskara saileko arduradunak eman dituzte.
40 urte igaro dira lehiaketa sortu zenetik, eta gisa honetako lehiaketa batek hainbeste urte eutsi izana ez dela “nolanahiko lorpena” adierazi du Garoa Lekuona Euskara zinegotziak. Horregatik, urtemuga ospatzeko zerbait berezia egin nahi izan dutela azaldu du.
Oinarri berberak izango dituen arren itxura berria eman nahi izan diote sariketari. Aurtengo sariketak, beraz, Maore Sagarzazuk diseinatutako logo berria estreinatuko du. Hortaz gain, keinu gehiago etorriko direla azaldu du Lekuonak: “Edizio guzti hauetan hamarnaka autoreren lanak jaso ditugu, eta haiek ere oroitu nahi ditugu oraingo honetan”.
Sariketak 25 urte bete zituenean bezala, aurten ere sariketan jasotako lan guztiak berrargitaratzeko asmoa du Euskara sailak, “sorta bakarrean”. Gainera, urte amaieran egiten den sari banaketan “denokin partekatzeko moduko zerbait egitea daukagu buruan” zehaztu du Lekuonak.
Lanak aurkezteko epea irailaren 15ean itxiko da.
Oinarriak
Lehiakide bakoitzak gehienez lan bat aurkez dezake eta idazle bakoitzak ezin izango du sari bat baino gehiago jaso. Hondarribia saria Hondarribian jaioa edota bertako biztanlea denarentzat izango da.
Bordari ipuin saria: 3 folio izango ditu gutxienez eta 10 gehienez. Lanak orriaren alde batean bakarrik idatziko dira, ordenagailuz. Arial 12 formatuan eta tarte bikoitzean idatzia egon beharko du eta gaia librea izango da.
Satarka olerki saria: 50 lerro izango ditu gutxienez eta 150 gehienez (orrialde bakarrera idatzia). Arial 12 formatuan eta tarte bikoitzean idatzia egon beharko du. Gaia librea izango da.
Informazio gehiago Hondarribiko Udal webgunean aurki daiteke.