Hilaren 13tik 22ra jokatuko da Tximist Cup
The equality ball baloi ofiziala estreinatuko dute aurtengo Tximist Cupen; aukera berdintasunarekiko konpromisoaren ikurra.

Gaur helduko dira munduko hainbat herrialdeetako emakumezko futbol taldeak Euskal Herrira. Manchester City, Real Madril, Inter Milan, Olymique Lyonnais, Hammarby, RCD Espanyol edota FC Twente gerturatuko dira, besteak beste.
Hitzordu berezia dute Hondarribia eta Donostia artean: Tximist Cup-en bederatzigarren ekitaldia. Orain arteko bereziena izango da gainera, ohiko lehiaketez, eta She Leads kongresuaz gain, The Equality Ball baloi ofiziala estreinatuko dutelako.
Baloi hori zelai barruan zein kanpoan “batzen gaituen” ikur bat dela adierazi zuen txapelketaren aurkezpenean Aintzane Encinas Tximist Fundazioko presidenteak. Zehazki, egitasmo horrekin, “tolerantzian eta berdintasunean eraikitako gizartea eraikitzeko konpromisoa indartu nahi du fundazioak”.
Salmentatik lortuko duten diruarekin bertako kirol azpiegiturak, hezkuntza programak eta eskoletako prestakuntza ikastaroak finantzatuko dituzte. Eta aldi berean, fundazioak nazioarteko erakundeekin egiten duen elkarlanari esker kirol, eskola eta osasun materialez hornituko dituzte beharra duten komunitateak.
Izaera eraldatzailea
Inklusioa, berdintasunaren eta eraldaketa sozialaren baloreak uztartuz goi mailako emakumeen futbola hauspotzea ardatz duen lehiaketa da. Encinasen hitzetan “hezteko, integratzeko eta amets egiteko” modu bat da Tximist Cup.
Horren erakusle da aurten Angolako ordezkaritza bertan izango dela. Herrialde hori Afrikan emakumeen kirola sustatzeko erreferentea dela gaineratu du presidenteak. Kirol ministroa eta bere taldea etorriko dira, eta bi jokalari angolarrek txapelketan parte hartuko dute.
Txapelketa, kongresua eta Legends
Tximist Cup 2025 hilaren 12an hasiko da ofizialki, egun horretan egingo baitute 14 eta 17 urte azpiko txapelketaren aurkezpen ofiziala. Hurrengo egunean She Leads kongresua egingo dute. Futbolaren munduan zeresana duten emakumeek beren esperientziak partekatzen dituzten espazioa da, eta emakumeen rola ikusgarri bihurtzea eta elkarrizketa, ikaskuntza eta ahalduntzerako espazioak irekitzea du helburu.
Norgehiagokak hilaren 14an hasiko dira. Ordutegiak eta partiden hurrenkerak hemen aurki daitezke. Hilaren 15ean azken fasean sartuko da txapelketa, eta finalak jokatu ondoren sari banaketa egingo dute. Horren ondoren, bazkari herrikoiaz gozatuko dute.
Handik bost egunetara jokalari nagusien txanda izango da, eta ez edonolakoak gainera. Legendak jokatzen ikusi ahal izango dute futbolzaleek. Hilaren 21ean izango da Tximist Cup Legends txapelketa. Finala jokatu ondoren Klink elkartean egingo dute bazkaria.
Txapelketak Youtube eta Instagram bidez jarraitu ahal izango dira.