Zestafestaren antolatzaileak: "Oso motibatuta gaude bigarren ekitaldi honen emaitzarekin"
Hilaren 31n egin zen Zestafestaren bigarren edizioa. Diseinuaren sektoreko jende andana gerturatu zen eta antolatzaileek tailerren eta hizlarien kalitatea nabarmendu dituzte.

Maiatzaren azken egunean diseinuaren eta sormenaren erdigune bihurtu zen Hondarribia. Zestafestaren bigarren edizioa burutu zen herrian. Antolatzaileak pozik, egun hartan bizitako esperientziaren berri eman dute.
“Oso ondo pasa genuen eta oso sentsazio onekin amaitu genuen. Goizeko tailerrak oso interesgarriak izan ziren eta jendea pozik atera zen. Arratsaldean, berriz, hitzaldiak oso animatuak izan ziren. Interesgarriak eta inspiratzaileak izateaz gain, publikoarekin asko konektatu zuten, eta halako energia sortu izana guretzat oso guay-a izan zen”, kontatu du Patri Taberna antolatzaileak.
Iragan urtean baino jende gutxiago bertaratu zen arren, diseinuaren sektoreko pertsona gehiagorengana iritsi zirela azaldu du. Aldaketa hori pozgarria izan da antolatzaileentzat, “iritsi behar ginen jendearengana iritsi garelako”. Gainera, horiengandik jasotako feedbacka oso baikorra izan zela gaineratu du: “Aurtengo edizioa potenteagoa izan dela adierazi ziguten. Bigarren urtea izanagatik akaso, profesionalagoa iruditu zaie”.
Euskal Herriko hainbat herrialdeetatik etorri ziren estudioak hitzaldietan parte hartzera, eta elkarrekin egun borobila igaro zuten.
Formatuarekin pozik
Thru animazio estudioaren eta Elsa Iranzoren tailerrekin hasi zuten eguna. Lehena estatikoagoa eta profesionalagoa izan zen. Estudioko kideek zenbait ariketa jarri zizkieten parte hartzaileei, eta horiek proiektu bana sortu behar izan zuten. Aldi berean, aholkuak eta laguntza jasotzeko aukera izan zuten.
Elsa Iranzoren tailerrean, berriz, eskuzko aktibitate bat egin zuten. Parte hartzaileak hiru taldetan banatu eta espreski ekintza horretarako ekarritako zenbait produkturen inguruan hausnartzen jarri zituen. “Azken finean, supermerkatuan erosten ditugun gauza asko ez dakigulako nola egiten diren edo elikagai horiek gure gorputzean zein ondorio izan ditzaketen”.
Ondoren, hitzaldien txanda izan zen. Ponentzia guztiak beren artean oso ezberdinak izan ziren, eta egindako aukeraketarekin “asmatu” zutela iritzi dute.
Lehenik, Casa Bien hasi zen hizketan. Enpresaren baloreak azaldu eta beren lan egiteko modua zein zen azaldu zuten. Segidan, Rocio Egiok hartu zuen lekukoa eta ilustratzailea den arren, hark gidatzen duen mentoretza programari heltzea erabaki zuen. Hitzaldi motibazionala izan zen eta publikoarekin dinamika bikaina sortu zuen. Azkenik, Thru animazio estudioaren txanda izan zen. Beren lana pantaila handian plasmatu eta halako proiektuak nola egiten diren azaldu zuten.
Bakoitzak bere indarguneak izan zituen; zenbait “dibertigarriak” izan ziren, besteak “oso interesgarriak”.
- Argazkiak: Doloroso Studio
Elkar ezagutzeko, Topa!
Hitzaldiak bukatutakoan Jolaskirekin elkarlanean taxitxalupa hartzeko aukera izan zuten lehen 100 parte hartzaileek. Gainontzekoak oinez edota autoan iritsi ziren Kirol Kaira, eta bertan elkarrekin egin zuten Topa! Taxitxalupak “sekulako arrakasta” izan zuela kontatu du Tabernak, eta jendea oso kontent geratu zela.
Iaz Itsas Etxean bihurtu zuten topagune, baina aurten lasaiago egoteko eta denbora gehiago izateko asmoz, Kirol Kaira aldatzea erabaki zuten. Elkar ezagutzeko eta konexioak egiteko momentu hori oso garrantzitsua da antolatzaileentzat, beren mundua “oso onlinekoa” delako. “Jendea hitzaldiak eman zituztenekin hizketan ikusi genuen, gauzak galdetzen, elkar ezagutzen, ekitaldiari buruzko iritzia ematen, eta beren arloei eta lanari buruz hitz egiten… Hori da gure helburuetako bat”.
Topa egin bitartean, gainera, sari ugari banatu zituzten: Kit-en onlineko kurtso bat, Rocio Egioren egutegi bat, Elsa Iranzoren liburua, Curry Verden gosari bat eta Casa Santamarian eta Basquen afari bana.
Dagoeneko hirugarren ediziora begira jarri dira Patri Taberna, Ane Garmendia eta Julia Lasa, bigarren edizio honen emaitzarekin “motibatuta”, hirugarren bat egiteko gogotsu agertu dira. Orain, udalarekin bilera bat egin esperoan daude hirurak, jaialdiaren inguruko balorazioa egiteko.
- Argazkiak: Doloroso Studio