E29, Irun eta Hondarribia Ospitalearekin lotuko dituen autobus linea
Kontzesio berri bat abian jartzeak dakarren administrazio prozesu luzeak eta Donostiako zentro berriaren obrek eragindako arazoengatik erabaki du aldundiak E29 linea martxan jartzea.

Gaur goizean aurkeztu dute E29 autobus linea, Irun eta Hondarribia Donostiako Ospitalearekin lotuko dituena hain zuzen. Hilaren 20an emango du lehen zerbitzua eta egun horretatik aurrera astelehenetik ostiralera izango da martxan. Ordutegia, berriz, honakoa izango da: 07:00etatik 21:00etara, Hondarribitik, eta 08:15etik 22:15era, Donostiatik.
Hondarribia>Irun>Donostia (Ospitaleak) izena izango duen lineak “aldarrikapen historiko” bati erantzungo dio; izan ere, bidasoko herritarrek urteak daramatzate Donostiako Ospitalearekin lotura zuzena izango duen autobus linea bat aldarrikatzen.
Linea hau Ama Guadalupeko Ikastetxetik abiatuko da eta Sabino Arana, Amute eta Mendelu Kalean gelditu ondoren, Gurutze Gorritik sartuko da Irunera. Kolon Pasealekuan, Gipuzkoa Etorbidean, Elizatxo Hiribidean (lau geraleku) eta Letxunborron geratu ondoren, G-20etik abiatuko da Donostiara. Loiolako Erriberatik sartuko da hiriburura. Ospitaleetara igo eta Mikeletegiraino iritsiko da.
Alderantzizko ibilbidea honakoa izango da: Mikeletegi pasealekua, Miramon, Onkologikoa, Ospitaleak, Illunbe, Arcco, Toribio Alzaga eta Bartzelona etorbidea Donostian; Letxunborro, Elizatxo, Luis Mariano, Kolon eta Hondarribia kalea Irunen; eta Mendelu kalea, Amute, Aireportua (kanpoaldea), Sabino Arana eta Ama Guadalupekoa Ikastetxea. Ibilbideak 45 minutuko iraupena izango du.
Ordutegia
Autobusaren ordutegia langileen ordutegietara egokitu dute. Hori dela eta, Hondarribitik 7: 00etan abiatuko da lehen autobusa, baina ondoren aldaketa bat izango du. Hau da, 08:10 eta 17:10 bitartean orduoro irtengo da 14:10ean izan ezik. Ordu horretako autobusak 14:00etara aurreratuko baitu irteera. Azkenik, autobus bat egongo da 19:10ean eta beste bat 21:00etan.
Mugikortasun jasangarria
E29ak Donostiako Ospitalera eta Miramongo Parke Teknologikora “prezio eskuragarrian” heltzea bermatuko duela adierazi du Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak, eta gainerazi du, aurrerantzean garraio publikoa etengabe hobetzeko lanean jarraituko dutela, “gipuzkoar bakar batek ere ibilgailu pribaturik eduki behar ez dezan bere bizitza garatu ahal izateko”.
Cristina Laborda Irungo alkateak ere bide beretik jarraitu du. Haren ustez, linea berri honek mugikortasuna hobetzeaz gain, herritarren behar argiari erantzungo dio.
Azkenik, E29a ospitaleko langile eta herritarrentzat “onuragarria” izango dela adierazi du Igor Enparan Hondarribiko alkateak. Hortaz gain, Hondarribiko Udala halako neurriak lortzeko eta hobetzeko lanean ari dela ziurtatu du. “Izan ere, pertsonei beren egunerokotasuna erraztu behar diegu, eta jasangarritasuna handitzeko lanean jarraitu behar dugu”.
Linearen izapidetzea aurreratu
Ditutatuak honako konexio hau Lurraldebusek Oarsoaldea Bidasoan egingo duen kontzesio berrian aurreikusita zeudela gogorarazi du, baina kontzesio berri bat abian jartzeak dakarren administrazio prozesu luzeak eta kanpo kontsulten zentro berriaren obrek eragindako arazoek (aparkalekua ixtea, besteak beste) bultzatu dituztela linea berria martxan jartzera.