Dies Oiassonisek antzinaroa berritasunekin kontatuko du
Hamabosgarren edizioa izango da aurtengoa eta uztailaren 9tik 13ra egingo da. Besteak beste, irekiera 'Ifigenia' antzezlanarekin egingo da eta lehiaketa gastronomikoan Isicia Omentata hoberena sarituko da.

Erromatarren historiaz eta ondareaz ikasten jarraitzeko berriro antolatu dute Dies Oiassonis jaialdia Oiasso Museoak eta Irungo Udalak. Aurtengo edizioa uztailaren 9tik 13ra egingo da eta jaialdi honen aurkezpena oraindik egiteke dagoen arren, hainbat berritasunen berri eman nahi izan dute antolatzaileek.
Orotara 50 jarduera antolatuko dira hamabosgarrena izango den edizioan. Klasikoen artean, Navigium Isidis, zirku erromatarra edo pintxo erromatarraren ibilbidea topa ahalko dira, baina berritasunei begira jarrita, Ifigenia antzezlana dago. Lan honek Dies Oiassonis irekiko du, uztailaren 9an 21:00etan Amaia KZn. Aktoreen artean Maria Garralon eta Juanjo Artero daude eta obra hau iazko Meridako (Espainia) Antzerki Klasikoaren Nazioarteko Jaialdian estreinatu zen.
Arrain zopa txapelketa atzean utzi eta Isicia Omentata hoberena zein den jakiteko lehiaketa egingo da aurtengoan. Plater hau hanburgesen aurrekaritzat jotzen da eta haragi txikituzko enpanada bat da. Antzinako Erromako plater honen lehiaketa lekualdatu egin dute eta oraingoan Almudena Grandes plazatxoan izango da.
Ireki berri diren terma erromatarrak ezagutzeko bisita gidatu berezi bat egingo da uztailean. Hala, salbuespenez, gauez bisitatu ahalko dira termak uztailaren 11n eta zentzumenei lotutako kontuei leku berezia ematea dute asmo. Bertan, g ainera, Tarragonako Thaleia antzezpen historikoko taldeak Thermae eta bainea ikuskizunaren hiru emanaldi eskainiko ditu uztailaren 12ko arratsaldean eta gauean, eta uztailaren 13ko goizean, termen kanpoaldeak.
Sarrerak
Zirku erromatarra edo Ifigenia antzezlana ikusteko sarrerak salgai daude dagoeneko eta horiek udalaren orrialdearen bidez eskura daitezke edota Luis Marianoko turismo bulegora gerturatuta. Antzerki emanaldiaren prezioa 7 eurokoa da; afari erromatarrarena 30 eurokoa; eta zirku erromatarraren larunbateko prezioa 5 eurokoa, baina igandekoa, berriz, 4 eurokoa. Aldiz, antzezpen historikoko sarrerak jaialdian erosi beharko dira.