Artiako eskailera mekanikoetako obrek urtebete iraungo dute
Maila katea aldatzea da asmoa baina matxura konplikatuz gero, errondamenduak ere aldatu beharko dituzte. Bitartean, auzoko igogailua erabiltzea gomendatu dute.

Dario de Regoyos eta Berrueta Margolaria kaleen arteko eskailera mekanikoaren maila katea egoera txarrean dago eta hori ordezteko erabakia hartu du Irungo Udaleko Obra, Mantentze Lan eta Azpiegitura arloak. Martxoan hasi zituzten mantentze lanak eta hasieran uste baino matxura konplikatuagoa da eskailerek dutena.
Duela hemezortzi urte jarri zituzten martxan eskailera hauek eta mekanismoak osatzen dituzten elementuetako batzuen iraupena bukatzen ari da. Hori dela eta, maila katea berrituko dute baina ziurrenik itzulerako gidaria higatzen ari denez, errondamenduak ere aldatu beharko dituzte. Aldaketa hauek ezinbestekotzat jo dituzte. Lanekin hastear dira eta urtebeteko epea izango du kontratatu duten enpresak lanak burutzeko. Aurrekontua 61.404,24 eurokoa da.
Obra horiek iraun bitartean, Dario de Regoyos eta Pio Baroja kaleen arteko igogailua erabiltzea gomendatu du udalak.