Gipuzkoak 2025eko hondartza denboraldia aktibatu du
Aurtengo denboraldian hainbat berrikuntza egongo dira Gipuzkoako Hondartzetan. Erakundeek hondartzaren erabilera arduratsua egiteko deia egin dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiak inauguratutzat eman du 2025eko hondartza denboraldia eta aurtengo berrikuntzak aurkezteko Hondarribian batu dira Jose Ignacio Jasangarritasun diputatua, Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatua, Igor Enparan Hondarribiko alkatea, Aitziber Zubillaga Emaus Gizarte Fundazioko zuzendari nagusia, Antxon Amunarriz Gipuzkoako Gurutze Gorriko delegatu berezia eta Nuria Vegas Garbera merkataritza guneko kudeatzailea, Gipuzkoako kostaldeko alkate guztiekin batera.
Igor Enparanek eman dio hasiera aurkezpen ekitaldiari. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoan hondartzak dituzten udalerriak elkarlanean egindako lana nabarmendu du lehenik, eta guztiei eskerrak eman dizkie.
Azken urteetan hondartzen kudeaketa udalerrientzat kezka iturri bilakatu dela adierazi du ondoren; “izan ere, udalerrietatik baliabide asko jartzen dira udalerrietatik hondartza denboraldian herritar guztiek eremu natural hauetaz disfrutatu ahal izateko, eta baliabide horien guztien kudeaketa egiterako garaian zailtasun ugari izaten ditugu”, azaldu du.
Horrenbestez, horiek kudeatzeko elkarlana positiboki baloratu du Enparanek eta gastu horiei aurre egiteko finantzaketa partekatu baten akordioa lortu izana ere “oso lagungarri” izango dela ziurtatu du.
Zentzu horretan, azken urteetan “zailtasunez” aurrera ateratzen zen zerbitzu bat egonkortzea lortuko dutela zehaztu du alkateak. Bainu egokituko zerbitzua aurten modu zabalago batean eskaintzeko aukera izango dute.
Hondartzak denentzat
Aurreko urteetako lan ildoari jarraiki, 2025eko udan zenbait berrikuntza egongo dira lurraldeko hondartza guztietan. Berrikuntza horiek “Gipuzkoarron ongizate integrala eta bizi kalitatea hobetzeko” izango direla adierazi du Maite Peña diputatuak.
Hondartzak Denentzat programa da berrikuntza horietako bat. Programa ibiltaria da, eta tailerren, jolasen eta hezkuntza dinamiken bidez herritarrek ingurunea zaintzeko duten konpromisoa indartu eta itsas ekosisteman hondakinek duten eragina ikustaraztea du helburu.
Kanpaina horren ardatz nagusietako bat Gauzateka da. Hondartzako materialak doan mailegatzeko zerbitzua da eta hondartza guztietan eskainiko da, asteazkenetik igandera. Material horiek Garbera eta Urbil merkatal zentroek utzitakoak izango dira.
Emaus Gizarte Fundazioko zuzendari nagusiak azaldu duenez fundazioak lantzen dituen bi ildo nagusiri erantzuten dion programa da eta hondartzako materialen kontsumo arduratsua egitea du helburu. “Konpartitzea, lagatzea.. ahalik eta hondakin gutxien sortzeko”.
Aldi berean, Emaus Fundazioan bazterkeria egoeran dauden pertsonekin lan egiten dutela azaldu du Zubillagak, eta beraz, tailerretako eta jolasetako dinamizazioa, eta Gauzatekako ardura intsertzio postuetan dauden pertsonekin landuko dute.
Hondartzak Denentzat programa Getarian jarri zuten martxan iaz. Izan zuen arrakasta ikusita aurten kostalde osora zabaltzeko pausoa eman dute. Hilaren 25etik 29ra Hondarribian abiatuko da eta handik Donostiako Zurriola hondartzara (uztailaren 2tik 6ra), Oriora (uztailaren 9tik 13ra), Zarautzera (uztailaren 16tik 20ra), Getariako Malkorbe hondartzara (uztailaren 23tik 27ra), Zumaiako Itzurun hondartzara (uztailaren 30etik abuztuaren 3ra), Debara (abuztuaren 6tik 10era), Mutrikuko Portu hondartzara (abuztuaren 13tik 17ra) eta Donostiako Kontxako hondartzara (abuztuaren 20tik 24ra).
Programa horren baitan bainu egokituak eskaintzen dituzte ere. Aktibitate hori Gurutze Gorriak eskaintzen du eta mendekotasuna edota desgaitasunen bat duten pertsonei zuzendurikoa da, “norberaren autonomia” bultzatuz hondartzarako sarbide unibertsala bermatzea helburu.
Iaz 512 bainu egokitu eman zituzten. “Segurtasun giroan” gauzatzen duten jarduketa bat dela adierazi du aurkezpenean Gurutze Gorriko arduradunak, bainu bakoitza hiru sokorristen ardurapean egiten baita. Zerbitzua hondartza denboraldi guztian eskainiko da.
Elkarlanaren garrantzia
Elkarlanari esker gauzatutako egitasmoa dela azaldu du Maite Peña diputatuak. Kostaldeko udalek, aldundiak, Emausek, Gurutze Gorriak, Garberak eta beste hainbat entitatek parte hartu dute 2025eko udan herritar orok hondartzaz gozatu ahal izateko beharrezkoak diren baliabide guztiak izan ditzan.
Bestalde, aurtengo udan Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun departamentuak 3.350.662,71 euro bideratuko ditu hondartzen kudeaketa integralerako. Hau da, garbiketa eta eguneroko mantentze lanak egiteko, azpiegiturak indartzeko, laguntza zerbitzuak hedatzeo eta Nik Hondartzak bezalako tresna digitalak garatzeko.