Gazteak On sariak banatu dituzte Bioterran
Txingudiko ikasleek elikadura jasangarriari buruz hausnartu dute bideo lehiaketa honetan. Hiru sari banatu dira eta antolatzaileak Labore Txingudi, Maia permakultura eta Hendaiakoop izan dira.

Elikadura jasangarriaren bueltan hausnartzeko ekimenez, Gazteak On bideo lehiaketa jarri dute martxan lehen aldiz Labore Txingudi, Maia permakultura eta Hendaia Koopek. Urtarriletik apirilera luzatu den lehiaketa izan da eta Irun, Hondarribia eta Hendaiako DBHko eta kolegioko ikasleei begirakoa izan da, gazteei “protagonismoa” eta “sormena” lehenesteko xedearekin.
Pasa den ostiralean sari banaketa egin zuten Bioterran eta bertan izan ziren Toki Alai eta El Pilar ikastetxeetako ikasle eta irakasleak. Guztira 14 talde parte hartzailek hartu dute parte eta antolatzaileek nabarmendu dute bideoen artean ikuspegi “berritzaileak” eta “proposamen ausartak” izan dituztela.
Hiru sari banatu dituzte: epaimahairen saria, herritarren saria eta lehiaketaren aipamen berezia. Epaimahaiarena Toki Alaiko Ohitura osasuntsuen bila lanak jaso du eta 600 euroko saria jaso dute Cesare Maglioni Hendaikoopeko ordezkariak eta zine zuzendariak emana. Guztira 451 puntu jaso dituzte.
Herritarren saria Toki Alaira joan da ere eta 835 bozkarekin Gure gosaria lana izan da bozkatuena. Saria 400 eurokoa izan da eta herritarren saria erabakitzeko bozketan guztira 1.167 boto jaso dituzte. Garaikur hau aldundiko Mugaz gaindiko proiektuen arduraduna den Iker Goriak banatu zuen.
Azkenik, lehiaketaren aipamen bereziarekin parte hartze osoa, ikastetxearen inplikazio orokorra eta talde lanaren kalitatea aitortzeko baliatu dute eta lehen ediziokoa El Pilar ikastetxeari eman diote. Lehiaketarekiko erakutsitako konpromisoa baloratu dute, baita talde ugariren parte hartze aktiboa ere. Sari hau Gure baserria lana egin duten ikasleek jaso dute eta 200 euroko saria irabazi dute elikadura burujabetzarekin lotutako ekimen bat gara dezaten. Labore Txingudiko kide Itziar Lopezek eman zien saria.
Antolatzaileek eskerrak eman dizkiote Ficoba eta Bioterrari, aldundiari, Hondarribiko udaleko ingurumen zinegotziari, Irungo Udaleko ingurumen teknikariari, Bidasoako Erlezainen elkarteko idazkariari, Toki Alai eta El Pilar ikastetxeetako irakasle eta ikasleei, eta Labore, Maia Permakultura eta Hendaiakoopeko ordezkariei.