'Jardunaldi Urdina' antolatu dute iganderako
Northmarinas elkarteak eta Hondarribiko Udalak elkarlanean antolatutako jardunaldia da, 'Bela bidezko bidea' egitasmoaren barruan. Itsas munduak eskaintzen dituen irteera profesionalak izango dituzte hizpide.

Atzo abiatu zen 2025eko Bela bidezko bidea (El camino a vela) egitasmoa, Frantziako Arrocela hiritik. Itsasontzi bidez Done Jakue bidea osatzeko irteera da eta Northmarinas elkarteak antolatzen du. Aurten Hondarribian egingo dute geldialdia.
Aukera aprobetxatuz, Hondarribiko Udalak Northmarinas elkartearekin batera Jardunaldi Urdina antolatu dute. Igandean izango da, Itsas Etxean, eguerdiko 12:00etatik 14:00etara.
Heziketa urdina, Itsas Garapen elkartea, Arrantzaleen kofradia, Euskadiko Kirol Portuak, Hondarribiko Itsaskari Baita eta Navegavelak parte hartuko dute solasaldian eta itsas munduak eskaintzen dituen irteera profesionalak izango dituzte hizketagai.