Sorzabalen eskubideez mintzatu dira Irungo udalbatzan EH Bilduren ekimenez
Eusko Legebiltzarrean legeari ez dagokion proposamena aurkeztu du EH Bilduk, Gogora institutuak Sorzabali eskain diezazkion beharrezkoak dituen eta dagozkion baliabideak. Alkateak torturen biktimei sinesten diela adierazi zuen.

Maiatzeko Irungo Udaleko osoko bilkuran Iratxe Sorzabal euskal preso politiko irundarrak sufritutako torturen Auzitegi Gorenaren aitortzaren harira, preso irundarrari eskura jarri behar dizkioten baliabideak mahai gaineratu zituen Irungo EH Bilduk. Orain artean, Irungo udal gobernuak ez du adierazpenik egin Sorzabalen torturen gainean, ezta duela gutxiko absoluzio “historikoaren” bueltan.
Oihana Briones koalizio subiranistako bozeramaileak azaldu zuen Eusko Legebiltzarrean legeari ez dagokion proposamena aurkeztu dutela, Gogora institutuak Sorzabali eskain diezazkion beharrezkoak dituen eta dagozkion baliabideak.
Eskaera hau udalak babesteko eskaria egin zuen Brionesek Irungo udalbatzan. Halaber, udalak presio egin dezala gainontzeko erakundeetan Sorzabalek beharrezkoak dituen baliabideak jartzeko eta preso irundarrak bere eskubideak balia ditzan ere galdegin zuten.
Cristina Laborda alkateak haren erantzunean oroitu zuen Eusko Jaurlaritzak urteak daramatzala aitortza egiten torturaren biktimei eta Gogora institutuan komisio bat dagoela ere gogoratu zuen, adituek eta politikariek osatutakoa.
Alkate gisa “argi eta garbi” azaldu nahi izan zuen Labordak demokraten ekintzarako markoa zuzenbidezko estatua dela eta testuinguru horretatik at, inork ez daukala inor abusatzeko eskubiderik nabarmendu zuen. “Inork ez du eskubiderik bere funtzionario estatusa baliatuta legetik kanpo kokatu eta inor abusatzeko. Giza eskubideen defentsan sinesten dugu, baita torturen biktimei ere. Gaitzespen irmoa merezi duten jarduerak dira”, esan zuen alkateak.
Jarraian, alkateak seinalatu zuen ETAren “ehunka kasu” argitu gabe daudela oraindik eta kasu horiek”urte gehiegi” daramatela “isiltasun instituzional” eta “soziala” pairatzen. Azkenik, Irungo udaletxean “egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea” bermatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi zuen Labordak.