Pottoka aisialdi eta kirol zaldi gisa sustatzeko hitzarmena sinatu du Jaizubia Hipikak
Bost urteko hitzarmena da eta pottokak aisialdian eta kirolean erabiltzeko konpromisoa formalizatu dute Jaizubia Hipikak eta Gipuzkoako Pottoka Hazleen Elkarteak.

Jaizubia Hipikan elkartu dira gaur Jaizubia Hipikako ordezkariak eta Gipuzkoako Pottoka Hazleen Elkarteko kideak eta bertan sinatu dute pottoka zaldi arrazaren erabilera aisialdiko eta kirol arloko zaldi gisa Irungo hipikan sustatzeko hitzarmena. Bost urtera begirakoa eta luzatzeko aukera dago.
Jaizubia Hipikak urteak darama pottokak aisialdi eta kirol erabilerarako erabiltzen, baina gaurko ekitaldiarekin konpromisoa berretsi eta lankidetza estutu dute paper gainean. Hain zuzen, urtean lau pottoka utziko dizkio Gipuzkoako Pottoka Hazleen Elkarteak hipikari eta Irunen haurrei hipika klaseak emateko, jauzi txapelketetarako eta mendi txangoetarako erabiliko dituzte. Egun, zazpi pottoka daude Jaizubia Hipikan eta beste poni arrazak alde batera utzi dituzte.
Itziar Urtizberea da Jaizubia Hipikako lehendakaria eta hark gogoratu du pottoka desagertzeko arriskuan egon zela. Hori gerta ez zedin, “lana” eman nahi izan diote zaldi arraza honi eta kirolarena eta aisiarena da Jaizubiak eskaini duena. “Hipikaren lanak izan behar du zubi lan bat bai pottoka hazleen eta kirol munduaren artean pottoka ez desagertzeko”, adierazi du Aitor Iraetak, Gipuzkoako Pottoka Hazleen Elkarteko lehendakariak.
Pottokekin kirol harremanetan jartzeko, gutxienez 6 eta 7 urte artean eduki beharko dute haurrek eta gehienez 13 urte. Dagoeneko hainbat haurrek lehiaketetan parte hartu dute eta Urtizberea hipikako lehendakariaren esanetan, “emaitza onak” izan dituzte. Ziurtatu du haurrak kontent daudela. Hurrengo asteburuko Irun Hiria Sari Nagusian hartuko dute parte.
Pottokak berreskuratzen
Aldundiko Lurralde Oreka Berdea departamenduko aholkulari Iñaki Labaka ere bertan izan da eta hark egin du atzera begirakoa. 1998an hasi ziren Ipar eta Hego Euskal Herriko erakunde publikoak pottoka ez desagertzeko lehen pausoak ematen eta 27 urteren ondoren, gaurkoa “pozteko eguna” dela uste du Labakak, hipikan sartu baita pottoka. Jauzi kualitatiboa “sekulakoa” izan dela esan du Labakak eta ibilbide oparoa desiratu dio hitzarmenari.