Irungo jaiak "irisgarriak eta inklusiboak" izango dira
Mugikortasun urria duten pertsonentzat plataforma goratu bat ezarriko dute, eta Ficobako musika, ordu eta egun zehatzetan, kendu egingo dute.

Sanpedro eta sanmartzial jaiak herritar ororentzat “irisgarriak eta inklusiboak” izateko konpromisoa hartu du Irungo Udalak eta zenbait neurri hartu ditu horretarako. Batetik plataforma goratu bat instalatuko dute, eta bestetik, ordu zehatzetan, Ficobako musika itzali egingo dute.
Plataforma goratua
Bigarren urtez jarraian, mugikortasun urria duten pertsonentzat plataforma goratu bat instalatuko dute kontzertu eta ekitaldiak ondo ikus ditzaten.
Bertan izan nahi duenak Udalaren webgunean inprimaki bat bete beharko du. Inprimakia bihartik aurrera jarriko dute herritarren eskura. Behin eskaria egindakoan Kultur arlokoak ipiniko dira eskatzaileekin harremanetan. Eskariaren egoeraren berri eman eta beharrezko dokumentazioa eskatuko diete.
Udalak azaldu duenez plataformak hogei lagunentzako lekua dauka. Bertara arrapala baten bidez igo daiteke. Mugikortasun urria dutenentzat erreserbatutako lekua izanik, gainontzeko herritarrek ezin izango dute igaro. Hori guztia kontrolatzeko zenbait arduradun ezarriko dituztela aurreratu dute.
Plataforma egun zehatzetan zabalduko dute: hilaren 13an (Puro relajoren kontzertua); hilaren 14ean (Fangoriaren kontzertuan); hilaren 23an (San joan sua eta Gatiburen kontzertuan); eta hilaren 28an (Jamaica Showren kontzertuan).
Ficobako feria
Jai inklusibo eta irisgarriak izateko asmoz Irungo Udalak iragarri du Ficobako ferian musika itzali egingo dutela hilaren 14an, 18an, eta 25ean, 17:00etatik 19:00etara.
Hala, autismoaren espektroko nahasmendua edota hipersentsibilitatea duten pertsonek ere atrakzioez gozatzeko aukera izango dute.