Ehun zaldizko eta amazona elkartuko dira Irun Hiria Sari Nagusia txapelketan
XXXV. Irun Hiria Sari Nagusia jokatuko da Jaizubia Hipikan hilaren 14tik 15era eta Euskal Herri osoko ehun zaldizko eta amazona bilduko dira. Parte hartzaileen %80 emakumeak izango dira.

Euskal Herriko zaldiketa txapelketen artean bere lekua egina dauka Irun Hiria Sari Nagusiak eta aurtengoaren aurkezpena egin dute gaur Jaizubia Zaldiketa Eskolan. Hogei eta hamabosgarren edizioa izango da hilaren 14tik 15era egingo dena eta Nagore Otañoren oroimenezkoa izaten jarraituko du. Ohi moduan, sanmartzialetako jaien aurrekaria izango da kirol proba hau eta ehun zaldizko eta amazona baino gehiago elkartuko dira.
Parte hartzaileak Euskal Herri osotik gerturatuko dira eta Jaizubia Zaldiketa Eskolako pista nagusian lehiatuko dira. Itziar Urtizberea Jaizubia Hipikako lehendakariak nabarmendu du parte hartzaileek %80 emakumeak izango direla eta guztira ehun zaldizko eta amazona baino gehiago elkartuko dira. Lehiaketa 09:00etan hasiko da bi egunetan eta haurrek nahiz helduek parte har dezaten, jauzien altuera 0,50 metrotatik 1,25 metrotara iritsiko dira. Aurreratu dute oso proba “zorrotzak” eta “ikusgarriak” izango direla.
Lehen egunean hamar probaz gozatzeko aukera izango dute ikusleek, eta bigarren egunean, berriz, beste hamar probaz. Lehen sailkatuak 350 euro irabaziko ditu; bigarrenak, 250 euro eta hirugarrenak 150 euro. Parte hartu nahi duenak izena emateko azken eguna hilaren 12a dela kontutan hartu beharko du. Euskal Hipika Federazioaren orrialdearen bitartez egin behar da inskripzioa.
Bertaratzeko Txingudi ikastetxeko aparkalekua egokituko dute, baita hipikaren inguruko beste aparkaleku batzuk ere.