EAJk bat egiten du mendiko trafikoa arautzeko ordenantzarekin
Eskerrak eman dizkiote udal gobernuari, eta bereziki Ingurumen zinegotziari, ordenantza "elkarrekin lantzeko prest egoteagatik".

Hondarribiko EAJk bat egiten du udal gobernuak Jaizkibelgo baso bideetan motordun ibilgailuen erabilera arautzeko ordenantzarekin, eta beraz, “positibotzat” jo dute ordenantzak aurrera egitea.
Jaizkibel Natura 2000 Sarearen parte da, eta, beraz, ingurune natural hori babesteko eta kontserbatzeko “neurri zehatzak” behar dituela uste dute jeltzaleek. Bereziki, azken urteetan mendiko pistetatik dabiltzan ibilgailuen eta bestelako garraiobideen kopuruak gora egin duelako.
Ordenantzak inguruneaz gozatzeko eta hura zaintzeko “oreka” bermatuko duela uste dute, eta horregatik, “eskerrak” eman dizkiote udal gobernuari, eta bereziki Ingurumen zinegotziari, “ordenantza hau elkarrekin lantzeko prest egoteagatik”.
Prozesu honetan garrantzitsua iruditzen zaie jeltzaleei mendia “ondo” ezagutzen duten pertsona eta kolektiboen alegazioak eta ekarpenak entzutea eta baloratzea. Hala nola, lizentzia duten arrantzaleenak, ehiztarienak eta baserrietako bizilagunenak. Zentzu horretan, batez ere inguruko baserrietan bizi direnei etxebizitzetarako eta eguneroko jardueretarako sarbidea bermatzea eskatu dute.
Autokarabanen aparkalekua egokitzea
Gaur egin den Hiri eta lurralde antolamendurako batzordean Guadalupe inguruko autokarabanen erabilera “zorrotzagoa” izan dadila eskatu dute jeltzaleek.
“Aparkatzeko gune arautua hori izango dela erabakitzen bada, ezinbestekoa da ordenantza espezifiko bat egitea eta espazioa beharrezko zerbitzuekin egokitzea landaren eta aparkaleku orokorraren gainerako erabiltzaileei eragin ez diezaien”, adierazi dute.
Autokarabanen aparkalekua arautzea oposizioan Abotsanitzen eskakizunetako bat zela oroitarazi dute. Horregatik, naiz eta “konplexua” izan, udal gobernuari konpromiso sendoa eskatu diote arautze horri begira konponbide ordenatua, iraunkorra eta ingurunearekiko errespetuzkoa eskaintzeko.