Zoladurak berrituko dituzte Juan Arana eta Serapio Mujika kaleetan
BI fasetan egingo dituzte lanak eta zirkulazioan aldaketak eragingo ditu.

Juan Arana eta Serapio Mujika kaleetako zoladura berritzeko beharra identifikatuta, bertako zoladurak berritzen hasiko dira bihar. Gorka Alvarez Obra, Mantentze Lan eta Azpiegituretako ordezkariak adierazi du behar hau auzotarrek helarazi ziotela.
Bi fasetan bereizi dituzte lan hauek. Bihar hasiko den lehen faseak bi aste iraungo ditu, Juan Arana kalean. Bigarren fasea, berriz, Irungo jaiak pasa ondoren egingo dute. Bi kasuetan, bide erdiko hormigoizko mendelak eraitsiko dituzte eta asfaltozko zoladura fresatu. Azkenik, asfalto berria jarriko dute.
Lan hauekin hasi aurretik, kalearen erdiko ubideko pieza hautsiak konponduko dituzte. Halaber, kutxatilak eta estolda zuloak konponduko dituzte, eta egoera kaxkarrean dauden espaloi zatiak ere berrituko dituzte, asfaltoaren eta kaleen arteko ertzak ere berrituta. Lanak uztailaren hondarrean bukatuko dira.
Zirkulazioan eragina izango dute lanek eta Aureliano Lopez kalean bi norabideetan zirkulatu ahalko du bi faseek iraun bitartean. Juan Aranako obrak egiten ari direnean, Serapio Mujika kalea bi norabideetan ibili ahalko dira bertan garajeak dituztenek eta zamalanetako ibilgailuak. Aldiz, Serapio Mujikako lanek iraun bitartean, Juan Arana kaleak beteko du Serapio Mujika kalearen funtzioa.