Pediatria eredua berrikusteko eskatu diote Osasun sailburuari Irun eta Hondarribiko alkateek
Joan den asteburuko manifestazioaren harira, "kezka sakon eta legitimoa" adierazi diote Jaurlaritzari. Bidasoko haurrei begirako osasun politikak berrikusteko eskaria helarazi diote.

Bidasoa Ospitaleko pediatria zerbitzuaren larrialdiak ixtearen erabakiaren aurrean, Irungo eta Hondarribiko alkateek “kezka sakon eta legitimoa” adierazi diote Alberto Martinez Osasun sailburuari. Gutun baten bidez, aurten ezarri den pediatria eredu berria berrikusteko eskaria egin diote sailburuari. Eskaera hau Irun eta Hondarribiko osoko bilkuretan onetsi dute eta pasa den asteburuko manifestazio jendetsuan herritarrek eskatu dute ere.
Atzo adierazpenak egin zituen Alberto Martinez sailburuak eta aitortu zuen Bidasoan zerbitzuak “indartu” egin behar direla. Cristina Laborda eta Igor Enparan alkateek bat egin dute adierazpen horiekin eta zehaztu dute ekipamendu eta azpiegitura berriak behar direla.
Dena den, ezin dela alde batean utzi eskualdeko familiek oinarrizko eta beharrezko dituzten zerbitzuak eskaintzea uste dute bi alkateek. Sailburuak “benetan entzun” baditu aldarriak, aurrerapausoak eman beharko lituzkeela esan diote Martinezi.
Bestalde, bi udalerrietako udalbatzetan mozio bana onartu zuten iragan astean eta haren bidez eskatu zuten kendutako pediatria zerbitzuak berriro irekitzea eta haur eta gazteentzako psikiatria zerbitzua indartzea. Gogortu dute joan den larunbateko manifestazioan bereziki haurren osasun arreta hobetzea izan zela eskari nagusia.
“Ezinegon soziala ukaezina da”, azaldu dute Labordak eta Enparanek eta bat egin dute herritarren ondoezarekin. Eusko Jaurlaritzari eskatu diote Bidasoko herritarren benetako beharrei erantzungo dion osasun sistema publikoa hobetzea.
Gai hauei “urgentziaz” heltzea garrantzitsua dela iritzi dute eta ESI Bidasoko Gizarte Kontseiluaren hurrengo bileran –ekainean– orain dela gutxi planteatutako neurriak deuseztatzea eta eztabaida eraikitzaile bat irekitzea eskatu dute. Eztabaida horretan organo horretan ordezkatuta dauden eragile instituzional, sanitario eta sozialak egotea galdegin dute.
Azkenik, Martinez sailburuari “erantzukizun instituzionala” eduki dezan eskatu diote, Bidasoan sortutako ondoeza artatzeko borondatea erakutsi duen neurrian. “Elkarrizketaren bidetik aurerra egiteko rpest jarraitzen dugu, baina beharrezkoa da egungo eredua zuzentzeko borondate argia egotea”, ondorioztatu dute.