Elkarrekin Irunek "historikotzat" jo du Osasun Bidasoak deitutako manifestazioa
Irungo Udal gobernuari egotzi diote "jarrera anbiguoa" edukitzea gai honen bueltan eta "ausardia eta erabakiak hartzea" eskatu diote.

Joan den larunbatean eskualdeko osasungintza hobetzeko eskaria aldarri, manifestazio jendetsua egin zen Irunen eta Elkarrekin Irunek “oso positibotzat” jo du manifestazioa. “Historikoa eta inflexio puntua” izan zen manifestazioa, eskualdeko osasun zerbitzuei aurre egin nahian.
Osasunaren defentsako bidea luzea dela azaldu du David Nuño udal bozeramaileak eta eskertu egin du Osasun Mentalaren Aldeko Familia eta Larrialdi Pediatrikoak Bidasoa elkarteen urte hauetako “lan bikaina”. Haien lanaren emaitza, pasa den asteburuan milaka pertsona mobilizatzea izan dela aitortu du Nuñok. “Manifestazio jendetsua izan zen, 11.000 pertsona baino gehiago bildu baitziren, herritarrak nekatuta daudelako euren eta seme-alaben osasunarekin jolasteaz”, uste du bozeramaile moreak.
Osasun baliabideen hobekuntzan “lan handia” dagoela egiteke iritzi du Nuñok, bai kalean baita erakundeetan ere. Udal bozeramailearen hitzetan, Irungo Udalak “irmotasun falta” erakutsi du gai “sentikor eta garrantzitsu” honen aurrean. Jarrera anbiguoa izatea egotzi diote udal gobernu sozialista-jeltzaleari, ospitaleko kirurgia blokearen obren kexuetatik. “Alde batetik nolabaiteko babesa erakutsi dute euren diskurtsoetan, baina, egia esan, inoiz ez dute erabaki ausartik hartu herritarrak euren osasuna desegitetik babesteko”.
Gai honen gaineko “gidaritza” hartzea eskatu dio Irungo Udalari Nuñok eta esan du ez direla nahikoa diskurtso politak. “Jendeak ausardia eta premiazko konponbideak eskatzen ditu. Ez da nahikoa diskurtso politekin, jendeak ausardia eta premiazko konponbideak eskatzen ditu”, gaineratu du.
Elkarrekin Irunentzat “ezinbestekoa” eta “guztiz beharrezkoa” da profesional sanitarioen eta herritarren erreklamazioak. Irundarren bizitzak hobetzeko “benetan lehentasunezkoak” diren gaiekiko konpromisoa nabarmendu du koalizio moreak. “Osasun publiko bermeduna izatea, itxaron zerrenda amaigaberik gabe arreta eman ahal izateko, eta gure seme alabak pediatrarengana eraman ahal izatea, arreta jasoko duten segurtasunarekin, ez litzateke erreklamatu beharreko zerbait izan behar, ziurtzat jo beharko litzateke”.
Bukatzeko, Irungo udal gobernuari eskatu diote herritarrei benetan eragiten dieten gaiak “behingoz lehenesteko” eskatu dio Nuñok eta nabarmendu du gizarte zibila antolatzen denean eta benetan zer axola duen “irakasten” duenean, arduratsuak izan behar direla politikariak eta haien beharrei erantzun behar dietela.