Danontzat gastrotekak irabazi du 2025eko Erdi Aroko Pintxo lehiaketa
'Delicias del bufón' izan da Danontzat gastrotekak lehiaketara aurkeztu duen pintxoa. Herritarren saria aldiz, Mika jatetxeak jaso du, 'Mar de sabor' pintxoagatik.

Maiatzaren 23an hasi zen Erdi Aroko Pintxo lehiaketa eta astebetez erdi aroko produktuekin osatutako pintxoak dastatu ahal izan zituzten herritarrek. Horiek dastatutakoan pintxo onena hautatzeko eginkizuna izan zuten. Epaimahaiak ere lan bera izan zuen, eta pintxo guztiak probatu ondoren, gaur eman dute hartutako erabakiaren berri.
Epaimahaia Leire Etxaide Botika Agroaldeko ordezkariak, Gorka Txapartegik eta Gonzalo Busto sukaldariak osatu dute.
Delicias del bufón izan da Danontzat gastrotekak lehiaketara aurkeztu duen pintxoa, eta epaimahaiaren iritziz onena izan da. Herritarrek aldiz, Mika jatetxeak aurkeztutako Mar de sabor pintxoa hautatu dute.
Danontzat gastrotekako Gorka Irisarrik jaso du saria gaur goizean, eta hura izango da Erdi Aroko Pintxoen eta Estalkien Nazioarteko XVII. Lehiaketan Hondarribia ordezkatuko duena. Lehiaketa urrian izango da Almanza herrian.
Parte hartze kopurua eta maila, gora
Estitxu Urtizberea zinegotzia “pozik” azaldu da edizio honetan izandako parte hartze kopuruarekin. Adierazi duenez, parte hartzea nabarmen handitu egin da iaztik. Aurten %65ean handitu da parte hartzea. Gainera, bozken %60a hondarribiarrena izan da eta horrek lehiaketari “balio handiagoa” ematen diola ziurtatu du.
Hortaz gain, Gorka Txapartegi epaimahaikideak maila handiko pintxoak egin direla gaineratu du sari banaketan: “Sekulako maila izan du aurtengo lehiaketak. Erabakia hartzea asko kosta zaigu, eta azken momentura arte hiru pintxoren artean izan gara. Sektorea oso bizirik dagoela ikusi dugu eta hori oso berri ona da. Gainera, lehiaketan parte hartu duten establezimenduak Portukoak eta Alde Zaharrekoak izan izanak, kalitatea ongi banatuta dagoela iradoki digu”.