Arretxe Ugalde Enpresa Zentroa "sendotu" egin da
Arretxe-Ugalde Enpresa Zentroa ingurune profesional eta irisgarria eskaintzen duen zentro bat da. Izaera berritzailea duten bost enpresa berri jasotzen ditu bere baitan.

Arretxe-Ugalde Enpresa Zentroa ingurune profesional eta irisgarria eskaintzen duen zentro bat da, eta gaurtik aurrera proiektu berritzaileentzako funtsezko espazio gisa “sendotu” dela jakinarazi du Bidasoa Bizirik-ek.
Bederatzi bulego ditu eta negozio jarduerarako guztiz hornituta dago. Izaera berritzailea duten bost enpresa berri jasotzen ditu bere baitan: Bitamine Faktoria, Nemeda Iparralde, Moov Drives Technology, Itums Solutions eta Gesner.
Bidasoa Bizirik-ek adierazi duenez “balio erantsia” duen espazioa da; izan ere espazio fisikoa eskaintzeaz gain, laguntza pertsonalizatua eskaintzen du ere. Laguntza hori aholkularitza edota sinergia sarearen bidez emango dute.
Eguerdi On Topaketak edota Bidasoa sendotzen dira Sinergia sare hori osatzen laguntzen duten proiektuetako bi. Horietan ekintzaileek euren esperientziak partekatzeko aukera izaten dute, eta urteko helburuak betetzeko aholkuak ematen dituzte.
Estitxu Urtizberea Bidasoa Bizirikeko lehendakari ordea da eta “harro” agertu da enpresa berriek garatu ahal izateko espazio fisiko bat izateaz gain, euren gaitasun estrategiko eta finantzarioak indartzen laguntzeko sare “erreala” dutelako.
Hazkundea
Duela gutxi datu analisian espezializatutako enpresa berri batek Arretxe-Ugalde Enpresa Zentroan kokatzeko interesa erakutsi duela jakinarazi du Bidasoa Bizirik-ek eta hori garapen agentziak bultzatutako ekosistemaren erakargarritasunaren erakusle dela esan dute.
Arretxe-Ugalde Zentroaz gain, Bidasoa bizirikek beste hiru Enpresa Zentro ere kudeatzen ditu: Puntala Bizirik, Ficoba eta Zaisa I.