Gal estadioko irisgarritasuna hobetzeko lanetan, aurrera
Bost hilabeteko epean eta 366.476,97 euroko aurrekontuarekin, igogailu bat eraiki, komunak berritu eta mugikortasun urria duten pertsonentzat gune bat prestatu nahi dute.

Gal estadioko irisgarritasuna hobetzeko lanak hasi dituzte “berriki”, eta, gaur, horiek bisitatzera joan dira Gorka Alvarez Obra, Mantentze Lan eta Azpiegituretako ordezkaria; Borja Olazabal Kiroletako ordezkaria eta Igor Emery Real Unioneko presidentea. Zehazki, lortu nahi dituzten helburuak betetzeko, igogailu berri bat instalatu, komunak berritu eta mugikortasun urria duten pertsonek partidez gozatzeko eremu bat erreserbatuko dute.
Alvarez: “Udalaren kirol instalazioak irisgarriak izan behar dira, eta bertaratzen diren guztien segurtasuna bermatu behar dute”.
Irisgarritasunaren garrantzia nabarmendu du Olazabalek ere. “Zale txuri-beltzak estadiora joatea nahi dugu, eta horretarako ezinbestekoa da estadioa erosoa eta irisgarria izatea. Dagoeneko Real Unionekin ari gara lanean taldea mailaz igotzeko borrokatzeko prest egon dadin datorren denboraldian”.
Obren aurrekontua 366.476,97 eurokoa da, eta 2025/26 denboraldia hasita dagoela amaituko dituzte berrikuntzak, bost hilabeteko lana izatea aurreikusten baitute.
Obren nondik norakoak
Igogailuaren obra mendebaleko harmailan egingo dute, harmaila nagusian, eta Patricio Arabolaza kaletik izango du sarbidea.
Era berean, harmaila horretan bertan mugikortasun urriko pertsonentzako eremua prestatuko dute. Berrikuntza horretarako eserleku batzuk kendu beharko dituzte, eta ondoan espazio bat erreserbatuko dute gurpildun aulkietan dauden pertsonentzat zein euren laguntzaileentzat.
Azkenik, mendebaldeko harmailaren iparraldeko eta ekialdeko harmailaren lehen solairuko gimnasio ondoko komunak dira berrituko dituztenak. Gainera, zehaztu dute mugikortasun urriko pertsonentzat prestatutako komunak gaituko dituztela bakoitzean.