Gastronomia probarekin bukatuko dituzte gazte olinpiadak
Hilaren 7an egingo dute azken proba, gastronomiarena, eta urtero bezala belaunaldi ezberdinetako taldeak elkartzeko eta elkarrekin egunaz gozatzeko eguna izango da.

Hondarribiko gazteek larunbat honetan emango diote amaiera hirugarren urte olinpikoari. Hilaren 7an egingo dute azken proba, gastronomiarena, eta urtero bezala belaunaldi ezberdinetako taldeak elkartzeko eta elkarrekin egunaz gozatzeko eguna izango da.
Azken proba hau sailkapen orokorrerako puntuagarria izango ez denez, aurtengo ekitaldiak dagoeneko baditu irabazleak. Aurtengo garaikurra altxako duen taldea zein izango den, ordea, larunbatean bertan ezagutuko dute gazteek.
Gastronomia proba bukatutakoan emango dituzte sari guztiak: Olinpiadetako garailea, gastronomia probako garailea, talde itxuranteena, talde mozkorrena, konpromiso gutxieneko taldea, memerik onenak, errebelazio taldea, talde pikatuena, talde negartiena, talderik tranpatiena, eta dezepzio taldea. Ohiko sariez gain, aurten berriren bat ere banatuko dutela aurreratu dute antolakuntzako kideek.
Gastronomia proba
Larunbatean goizeko 10:00-11:00ak aldera hasiko da proba, Zumardian, eta 14:00-15:00ak aldera bukatuko da. Talde guztiek osagai jakin batzuk erabili ahal izango dituzte eta antolatzaileek eskatutako platera prestatu beharko dute. Lehen urtean paella prestatu zuten, eta iaz albondigak. Platera prestatutakoan epaileei aurkeztu beharko diete eta sailkapen orokorrerako baliagarria izango ez den arren, talde irabazlea saritua izango da.
Osagaiak eta prestatu beharreko platera egunean bertan esango diete parte hartzaileei, eta osagai gehigarriak eskuratzeko zenbait proba txiki burutu beharko dituzte.
Aurtengo olinpiadetako parte hartzaileez gain, lehen belaunaldiko Alaxka, Beti berdin eta Zinbawio taldeek eman dute izena, eta hirugarren belaunaldiko Kanpotar harrotuak eta Etxekois taldeek.
Bazkaldu ondoren banatuko dituzte sariak, eta segidan kontzertuen txanda izango da. Reparation sound sistem, Skakeo eta Toc musika taldeek joko dute aurrenik, eta Fresa morango DJek jarriko diote ginga gauari. Musikak goizeko 01:00ak arte iraungo du.
20:00etatik 23:00etara puntu morea ezarriko dute Zumardian. Hortaz gain, Komite Olinpikoak ere eraso matxistei aurre egiteko protokolo propioa izango duela jakinarazi du.
Erdi Aroko azokarekin bat
Gastronomia probaren egun berean zabalduko da Hondarribiko Erdi Aroko azoka eta bi egun iraungo ditu. Hori dela eta, harekin bat egin nahi izan dute antolatzaileek eta talde guztiak erdi aroko motiboz janzteko deia egin dute. Erdi Aroan murgilduta izango den Zumardian, mozorro lehiaketa txiki bat egitea da asmoa.