Bizikleta bide seguru baten beharra sinbolizatu dute
Atzo goizean ehunka pertsonek egin zuten bat Balazta elkarteak deitutako martxa "aldarrikatzailearekin". Irun eta Hondarribia arteko bizikleta lotura gauzatzeko eskatu zuten.

Atzo goizean ehunka pertsonek egin zuten bat Balazta elkarteak deitutako martxa “aldarrikatzailearekin”. Bizikletak hartu eta administrazioei Irun eta Hondarribia lotzen dituen bidegorri bat eraikitzea eskatu zieten berriro ere herritarrek.
Goizeko 11:00etan hasi zen martxa. Lehen zutabea Irungo San Juan plazatik irten zen eta bigarrena Hondarribiko Gernikako Arbolatik. Azkenean, bi martxek Mendelu auzoan egin zuten bat.
Balazta elkarteak azaldu duenez herri horien arteko ibilbidearen puntu kritikoetako bat da Mendelu; “izan ere, auzoak espaloi oso estuak ditu oinezkoentzat, eta bizikletek galtzada partekatu behar dute, Hondarribiko auzo horrek egunero jasaten duen trafiko handiarekin”.
Horregatik, modu sinbolikoan bada ere, Irun eta Hondarribia arteko bizikleta loturaren lehen zatia inauguratu zuten bizikletaren erabiltzaileek. Alfonbra gorri bat zabaldu zuten Mendelu auzoan zehar, eta haur, gazte eta helduek hura gurutzatzeari ekin zioten.
Irun eta Hondarribia arteko bizikleta lotura duela 15 urte baino gehiago zegoela aurreikusia adierazi zuten Balaztako kideek, “Txingudiko badiako planetan eta bi udalen HMJP planetan (Hiri Mugikortasun Jasangarriko Plana)”. Baina hori gauzatzeko exekuzio proiektua eta aurrekontua behin baino gehiagotan egin izan duten arren, gaur egun oraindik ez dagoela behin betiko trazadurarik adostuta deitoratu zuten, eta are gutxiago lizitazio aurreikuspenik edo obren hasierarik.
Beraz, administrazio guztiei “denbora gehiago galdu gabe” eta “pilota elkarri pasatzen jarraitu gabe” proiektu horri behin betiko lehentasuna ematea eskatu zuten.