Oparo dator Kabigorriko ekaina
Ikus-entzunezkoak, musika eta antzerkia izango dira Peña kaleko topagunearen ekaina hasierako eskaintzan.

Ekaina hasierarako kultur programazio oso eta erakargarria antolatu du Peña kaleko Kabigorri Ateneoak. Hiru ekitaldiren berri eman dute hiriko kultur eragile eta topaguneko kideek.
Lehena ekainaren 5eko (osteguna) 19:30ean jasoko du aretoak. Ocupación SA dokumentala ikusteko aukera izanen da, Tadamun elkartearekin egindako lankidetzari esker. “Ocupación SA traizio baten erretratua da. Ikuspegi zehatz eta argitaragabe batekin, dokumentalak Mendebaldeko Sahararen ustiapen ekonomikoan inplikatutako enpresari eta politikari espainiarren izen-abizenak azaltzen ditu, Afrikako azken kolonia eta munduko lurralde bortitz, militarizatu eta zentsuratuenetako bat. Dokumental honetan jasotako testigantzek Europako botere guneetan hasi eta Marokok okupatutako hirietan amaitzen den isiltasun eta gezurren katea ere erakusten dute, non gizon eta emakume sahararrek beren eskubideak kentzeari eta ukatzeari aurre egiten dioten”, zehaztu dute Kabigorritik.
Hurrengo eskaintzak musikarekin du harremana, ekainaren 7an (larunbata) Slimfit taldeak kontzertua emango duelako Kabigorrin (19:30). Ateneoko kideen azalpena, honakoa: “Slimfit pop-rock alternatiboko taldea da, eta Irunen du oinarria. Bere eraginak 1950eko hamarkadako popa, post-punka edo rock industriala dira, melodiak distortsioarekin eta oinarri elektronikoekin konbinatzeko formula egokiaren etengabeko bilaketan. Azken urteetan, Irun Zuzenean 2023 bezalako jaialdietan parte hartu du, eta Dabadaba eta Kutxa Kultur (Tabakalera) bezalako areto enblematikoetan aritu da. Taldeak Muir estudioetan (Donostia) grabatu berri du bere bigarren EPa, Yon Bidaurren eskutik, bere musika ibilbidean inflexio puntu garrantzitsua markatzen duena”.
Hirugarren proposamenak antzerkia du oinarri: ekainaren 14an (larunbata) Bea Insak, Rafa Aceves pianoarekin laguntzen duela Billie ikuskizuna taularatuko du (19:30). Horra sorkuntza lanaren sinopsia: “Piano bat, abeslari bat eta mikrofono zahar bat. Kea eta kriseiluak, Harlemgo kabaret zaharretan bezala… Kontzertu antzeztua baino gehiago, jazzaren diva handienetako bati egindako omenaldia da Billie: Billie Holiday. Hari omenaldia, interprete gisa, pertsona gisa, eskubide zibilen aldeko mugimenduan aitzindari gisa. Abesti eta abesti artean, aktoreak Billie Holidayren bizitza mitiko eta katastrofikoaren pasarteak kontatzen dizkigu eta galdera bat egitera gonbidatzen gaitu: Nola biziraun gizarte klasista, matxista, arrazista… Gaur edo duela 100 urte?”.