Osasun Bidasoak ahotsa altxa du: "Hau aldatu behar da"
Milaka ahots elkartu dira gaur Irunen Osasun Bidasoa plataformaren deiari jarraiki. Eskaera zehatzak egin dituzte.
Jendetsua, oso jendetsua izan da gaur arratsaldean Irungo erdialdeko kaleetatik Osasun Bidasoak egin duen manifestazioa. Bidasoko eta Bortzirietako 40 eragile baino gehiagoren bermearekin atera dira kalera herritarrak “osasun zerbitzuen etengabeko gainbehera” salatzera. Aldarrien artean, eskaera zehatzak egin dituzte gaurkoan ere behin mobilizazioa bukatutakoan: pediatriako larrialdi zerbitzuaren berehalako irekiera Bidasoa Ospitalean; haur eta gazteen psikiatriako zerbitzuaren lanpostua berehala eta behin betiko ezartzea; osasun zentroetan familia medikuntzako eta pediatriako profesional nahikoak eta espezialistak itxaron zerrendak murrizteko, eta urologiako eta haur eta gazteen psikiatriako kontsultak berriro irekitzea; eta epe luzerako “plangintza serioa”, beharrezko baliabideak bermatuko dituena. Hori guztia bideratzeko osasun agintariekin “elkarrizketa irekia eta eraikitzailea” eskatu dituzte.
San Juan plazatik irten da mobilizazio handia, 18:30ean. “Mobilizazio hau inflexio puntu bat da. Ez gara geldituko Bidasoan pertsona guztien osasuna eta ongizatea benetako lehentasun eraginkorra izan arte. Elkarrekin borrokan jarraituko dugu osasun publiko duin baten alde”, esan dute behin martxa bukatu denean. Pozik zeuden antolatzaileak, ikusi dutelako eskualdeko osasun zerbitzuak hobetzearen aldeko desioa ez dela plataformako kideena bakarrik: jendarte oso baten nahia da, egunez egun ikusten ari direlako zer nola ari den urritzen eskualdeko osasun zaintza.
Aldarri nagusien berri emateaz gainera, buruko osasun zerbitzuen murrizketak nahiz pediatriakoak zuzen-zuzenean jasaten ari diren familietako kideek hitz egin dute jende multzo handiaren aurrean. Biek ala biek bildutakoei eskerrak ematen hasi dute euren interbentzioa
“Egoera jasanezina da”, esan du haur eta gazteen psikiatriako murrizketen gaiaz hitz egin duen kideak: “Gure seme-alabek ezin dute itxaron atzeratzen den edo, besterik gabe, iristen ez den arreta. Promesek jada ez digute balio. Bidasoako Ospitalean haurren eta gazteen psikiatriako zerbitzuko lanpostua berehala eta behin betiko ezartzea eskatzen dugu, epe luzerako plangintza egitea behar diren osasun mentaleko baliabide guztiak bermatzeko eta agintariekin benetako elkarrizketa”. Haientzat funtsezkoa da ikastetxeetan hezkuntza-premia bereziak dituzten haur guztiei arreta eta laguntza hobetzea. “Gure gazteen osasun mentalak ezin du gehiago itxaron”.
Ospitaleko urgentzia pediatrikoen murrizketez ere hitz egin du beste kide batek. “Ezin dugu onartu gure eskualdeko osasun arreta publikoa hondatzen jarraitzea”, hala hasi du hitz tartea. Azaldu du pandemia bukatu zenetik hainbat zerbitzu desagertzen ari direla: “Itxaron zerrendak luzatzen eta gure profesionalak gehiegi kargatzen ikusi ditugu. Bidasoa Ospitalean pediatriako larrialdiak ixtearen erabat aurka gaude; ezin dugu onartu gure haurrak premiazko arretarik gabe uztea. Urologiako kontsulta ixtearen eta atzerapen onartezinen aurka gaude. Familia- mediku eta pediatra gehiago eskatzen ditugu anbulatorioetan. Ez da baliabide kontua, borondate politikoa baizik”.
Osasun Bidasoako kideek gaurkoa inflexio puntua izango dela ustean dira. Kaleko muskulua badute, herritarrek bat egin dutela era zabal eta anitzean gaurkoan haien deialdiarekin. Bihartik aurrera lan egiteko, hitz egiteko, negoziatzeko prest azaldu dira plataformako ordezkariak: “Hau aldatu behar da”.
Jarraian, gaurko martxaren hainbat irudi.