Zubia zentroaren lekualdatzea prestatzen ari da udala
Udala aukera bat aztertzen ari da, eta udal ordezkariek aurreratu diete jada ideia Larreaundi-Olaberria auzoko bizilagunei.

Zubia Inklusio Zentroa behar berrietara egokitzeko, kokapen egokiago batera lekualdatzea zehazten ari da Irungo Udala. Oraingoa baino lehen, udalak gune hori birkokatzeko lehen aukera bat aztertu zuen, Ospitale Zaharraren instalazioetan dagoena. Hala ere, udalak egiaztatu zuen aukera horrek ez zituela betetzen horrelako baliabideetarako eskatzen diren baldintza teknikoak.
Egun, bigarren aukera bat aztertzen ari da udal erakundea. Aukera horrek beharrezko baldintzak betetzen dituela jakinarazi du udalak, baina talde teknikoen behin betiko baieztapenaren falta dute, hurrengo urratsetan aurrera egin ahal izateko. Iragarpen hori hilaren 22an aurreratu zieten udal ordezkariek Larreaundi-Olaberria auzoko bizilagunei, auzo elkartean egindako bilera batean.
Udalaren ustez, etxegabetasuna handitzen ari da leku guztietan, eta beharrezkotzat jo dute administrazio guztien arteko estrategia komun bat garatzea, Euskal Herrian gizarte bazterkeriari eta etxegabetasunari aurre egiteko.
Lege betebeharra
Irunek 60.000 biztanle baina gehiago ditu, eta hirian Zubia bezalako zentro bat bat egoteak Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuaren Zorroari buruzko dekretuan zehaztutakoari erantzuten diola jakinarazi du udalak. Dekretu horrek udalen erantzukizuna ezartzen du lehen mailako arretako zerbitzuen horniduran, mota horretako baliabideak barne.
Udalak adierazi du araudi horren helburua dela gizarteratze zerbitzuetarako sarbide eraginkorra bermatzea, EAEko lege esparruan aitortutako eskubide subjektiboa betez. Bidasoko eskualdean, Irunek modu mankomunatuan hartzen du beregain eskumen hori, Hondarribiarekin batera.
Zubia eguneko arretarako eta gaueko harrerarako gizarte baliabide bat da, bazterketa edo gizarte zaurgarritasun egoeran dauden pertsonei begirakoa. Jantokira eta gaueko ostatura sartzeko, udaleko gizarte zerbitzuen preskripzio teknikoa behar da. Eguneko prestazioetarako sarbidea, aldiz, zentroak berak kudeatzen du.
Lehentasunezko neurriak
Inkluso zentroaren lekualdaketa gauzatu arte, udalak hainbat neurri hartuko dituela iragarri du. Lehentasunezko jarduera ildoen artean, zentroko erabiltzaile ez diren eta inguruan jokabide gatazkatsuak izan dituzten pertsonen gaineko kontrola indartzea dagoela adierazi du udal erakundeak, gizabidezko eta bizikidetzako oinarrizko arauak ez dituzten neurrian. “Gertakari ia guztiak zentroak ezarritako sarbide baldintzak betetzen ez dituzten pertsonek eragin dituzte, eta jokabide edo portaera desegokiengatik sarrera ukatzen zaie”, esan du udalak.
Azken hilabeteetan, Irungo Udaltzaingoak eta Ertzaintzak eremu horretako esku hartzea areagotu dutela nabarmendu du udalak, “gatazka egoeretan azkar eta eraginkortasunez jarduteko”. Horrez gain, udalak zonalde osoaren “segurtasuna hobetzeko” neurri osagarriak abiatuko dituela iragarri du. Besteak beste, bideo zaintzako kamerak instalatu eta inguruko argiteria publikoa indartzea aurreikusi dute, argi puntu berriak jarrita.