Energia komunitateen inguruko hitzaldiak emango dituzte Irunen
Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak eta Energia Eraldaketako Bulegoak sortu dituzte saioak. Ekainean beste bi saio egingo dituzte.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamenduak Gipuzkoako Energia Eraldaketarako Bulegoarekin elkarlanean, herritarrei zuzendutako informazio saioen programa bat jarri zuen martxan apirilaren hasieran “energia komunitateen sorrera sustatzeko”.
Bilera horietatik hiru Irunen egingo dira, eta, atzo egin zuten lehena Oiasso Museoan;Jose Igancio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak eta Cristina Laborda Irungo alkateak hartu zuten parte.
Asensio: “Gure helburua da 2027an lurraldeko udalerri guztiek gutxienez energia komunitate bat izatea. Gipuzkoa dagoeneko erreferentea da jasangarritasun eta trantsizio energetikoan, eta hala izaten jarraitzea nahi dugu, autokontsumoan eta energia berriztagarrien sorkuntza partekatuan oinarritutako eredu bat sustatuz. Energia komunitateek aukera ematen diete herritarrei beren energia sortzeko eta kontsumitzeko, kanpo iturriekiko mendekotasuna murriztuz, faktura elektrikoa aurreztuz eta sistema bidezkoago, efizienteago eta jasangarriago baterantz aurrera eginez. Aldunditik prozesu hori errazten ari gara, aholkularitza tekniko, juridiko eta administratiboarekin, Energia Eraldaketarako Bulegoaren bidez, bai eta laguntza ekonomikoarekin ere, sistema fotovoltaikoak, biltegiratzea eta mugikortasun elektrikoa instalatzeko”.
Labordak, bestalde, honakoa azpimarratu zuen atzokoan. “Energia komunitate horiek eskaintzen dituzten onurei buruzko informazioa eman behar dugu, funtsezkoa baita mundu jasangarriago eta ingurumenarekiko adeitsuago baterantz egiten jarraitzea. Parte hartzeko jardunaldi horien bidez herritarrei energia berriztagarrien autokontsumoari buruzko informazioa emateak hiri gisa garapen jasangarrirako ditugun helburuetatik hurbilago egotera garamatza”.
Antolatzaileek esan dutenez, saioen zikloa Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamenduak Gipuzkoan erdu energetiko jasangarriagoa eta kolaboratiboagoa sustatzeko duen estrategiaren parte da, nahi baitute “udalerriek eta auzotarrek beren burua antolatu ahal dezaten eta energia berriztagarria sortzearen eta partekatzearen abantailak aprobetxatu ahal ditzaten”.
Datozen saioak ekainaren 11 eta 17an izango dira, Kultur Etxean.