Osasun baliabideen gainbehera eteteko protesta, bihar
Osasun Bidasoak Bidasoko osasun zerbitzua hobetzeko manifestatzera dei egin du biharko. Haurren psikiatria eta pediatriako larrialdi zerbitzuak azken hilabetetan itxi dituzte.

Zazpi urte igaro dira Osasun Bidasoa plataforma sortu zenetik, Bidasoa eskualdeko osasun publikoko zerbitzuen «gainbehera progresiboaz» kezkatuta. Ordutik, hainbat izan dira egindako manifestazioak, agerraldiak eta bilerak, baina kezkak hor dirau: pixkanaka osasun arreta publikoak eta osasun langileen lan baldintzek okerrera egin dutela salatu berri dute berriro plataformako kideek.
Hala, bihar, «masiboki» manifestatzera dei egin diote Irun, Hondarribia, Hendaia eta Bortzirietako herritarrei. San Juan plazatik irtengo dira 18:30ean. Orain arteko deialdietara nagusiki adineko pertsonak hurbildu direla azaldu du plataformak, baina oraingoan familia eta haur asko gerturatuko direla uste dute, «azken aldaketa hauek jende gaztea ere kaltetu dute, eta asko dira ohartu direnak mobilizatu beharra dagoela». Ikastetxeekin harremanetan jarri dira deialdia lau haizetara zabaltzeko. Hargatik, haurrak espero direnez, 17:30ean haurrentzako jarduerak eskainiko dituzte San Juan plazan.
Azken urteetan salaketa nagusiak itxaron zerrenda luzeak eta Irunen dagoen osasun etxeen falta izan dira. Izan ere, Bidasoa Ospitalean arreta espezializatuetan artatuak izateko zerrendak 60 egunetik gorakoak dira kasu gehienetan. Esate baterako, traumatologian artatua izateko itxaronaldia sei hilabetetik gorakoa da. Bestalde, urologia zerbitzua itxi egin dute eta eskualdeko pazienteak Donostiara bideratu; aldiz, minaren unitateak itxaropena ekarri du, berriro ireki baitute.
Bestalde, Irunen, Oinaurren anbulatorioa eraikiko dela baieztatu du Osasun Sailak; baina Irungo erdiguneko anbulatorioa handitzeari buruzko erabakiak hautsak harrotu ditu, Bidasoa Lanbide Heziketako aparkalekuan eraikitzeko erabakia hartu baitu Osakidetzak. Bidasoa ikastetxeko irakasleak erabakiaren kontra agertu dira. Gaur Irunen udalbatzarra egingo da, eta mozio bat aurkeztu du bertako gurasoen elkarteak aparkalekuaren defentsan. «Patioa ez da bakarrik aparkaleku edo aire zabalean dagoen espazio huts bat. Gaur egun, hezkuntzari lotutako hamar funtzio betetzen ditu».
Zerbitzuen itxiera
Alberto Martinez Osasun sailburuak urtarrilean ospitaleko obrak bisitatu zituen, eta orduan adierazi zuen 2025. urtea «urte gakoa» izango dela kalitatezko zerbitzuak emateko. Horrez gain, aurreratu zuen Osakidetza indartzeko plan bat dutela.
Dena den, martxoan, eskualdeko haur eta gazteen psikiatria kontsulta ixteko erabakia hartu zuen Osasun Sailak, eta 500 familiaren espedienteak Donostiako ospitalera lekualdatu zituzten. Igor Medrano da kaltetutako paziente baten aita, eta hark adierazi du «oso kezkatuta» daudela itxierarekin: «Arazoa jada ez da psikiatrarik gabe geratu garela, baizik eta beste zerbitzuak gainkargatzen ari direla, esate baterako, Donostiako haurren psikiatria zerbitzua». Biharko manifestazioan exijituko dute Urdanibia plazako ospitaleko osasun mental zentroan berriro psikiatra bat egotea.
Ospitaleko pediatriaren larrialdi zerbitzuaren itxiera ere ozen salatuko dute. Apirilaren 13an itxi zuten, eta erabaki hori «behin betikoa» dela adierazi du Osasun Sailak. Lakuak zerbitzu hori «eskualdean ez dela behar» argudiatu izana salatu du Osasun Bidasoak. Bidasoa ESIko zuzendaritzak bat egiten du erabaki horrekin, eta Maria Eugenia Ekiza Bidasoa ESIko zuzendariak esan du ez dela orain gutxi hartutako erabakia: «Beharra sumatu genuen arriskuan jartzen ari zelako lehen arretako asistentziaren bermea, genituen beharrak ez zituen erantzuten zerbitzuak, eta urtebetetik gora eman dugu lanean erabakia hartzeko».
Egoera horren aurrean, anbulatorioetako pediatria zerbitzuaren ordutegia luzatzea erabaki du Osakidetzak, eta 09:00etatik 15:00etara beharrean, 17:00etara arte izango da zabalik. Antolaketa eredu berriarekin pediatra bakoitzak bere postu finkoa eta ordutegi zehatza izango dituela esan du Ainhoa Zabaleta pediatrak: «Onuragarria da hori pediatrarentzat, baina baita haur eta familientzat ere, arreta pertsonalagoa eta eta jarraipen zehatza egingo baitie. Gaixotasuna hobeto artatzea eta ospitalera gutxiago joan behar izatea suposatzen du horrek».
Iritziak
Osasun Bidasoak ez du bat egiten Bidasoko ESIrekin, eta mahai-gaineratu du antolaketa berriaren proposamenak eta errealitateak ez dutela bat egiten, eta beraz, «merezi dituzten» zerbitzuak erreklamatuko dituzte. Manel Ferran plataformako kide eta jada erretiratuta dagoen medikua da. Hark baieztatu du ez dela egunero arreta eskaintzen 17:00ak arte, adibidez, Dunboako anbulatorioan. Horrez gain, lan baldintza prekarioengatik, pediatra falta dagoela salatu du Ferranek. «Ospitalearen inguruko familiei arreta ematen zien ospitaleko lehen mailako kontsulta bat eta larrialdietako pediatria zerbitzua itxi dira. Horrek Bidasoan pediatra bat galtzea dakar, 12tik 11ra», zehaztu du.
Ferranek deitoratu du aldaketa hori «hobekuntza gisa» baloratzea, praktikan asteburu eta jaiegunetan larrialdietan ez baita pediatria zerbitzurik eskainiko. Hain zuzen, astean 99 ordu gutxiago emango da zerbitzu hori haur eta gazteentzat. Gipuzkoako ospitale bakarra izango da zerbitzu horren murrizketa pairatuko duena, eta bihar, gainerako ospitaleetan bezala larrialdietako zerbitzu hori irekitzea eskatuko dute.
Irun eta Hondarribiko alkateak Osasun sailburuarekin bildu dira eskualdeko osasun arreta hobetzeko beharra eta erabakitako aldaketak berriro azter ditzatela eskatzeko; baina berri txarrekin itzuli dira: ez dute adostasunik lortu, eta aukera galdutzat jo dute. Alkateek adierazi dute bat egiten dutela herritarren eskariekin, eta «konpromisoa» berretsi dute Bidasoan osasun arretaren hobekuntza integralaren alde lanean «aktiboki» jarraitzeko. Bidasoko ESIko Gizarte Kontseiluari deitzea eskatu diote sailburuari, organo horrek biltzen baititu eskualdeko osasun arretan inplikatutako eragile instituzional, profesional eta sozialak. ■