"Logistika eredu berri bat" sortzeko garatu dute 'Ekologin'
Mugikortasunaren forma berriak aztertzeko proiektua da, eta bihar entzute aktiboko tailer bat egingo dute "kolektibo zaurgarriekin".

Irun eta Hondarribiko udalek Ekologin proiektua garatu dute Bidasoa aktibaren bidez. Gaur egungo hiri banaketa ereduak hobetzea, tokiko merkataritza sustatzea eta egoera ahulean dauden kolektiboei arreta ematea dira proiektuaren helburuak irtenbide kolaboratibo, iraunkor eta inklusiboen bidez. Mugikortasunaren forma berriak aztertzeko proiektua da honakoa, eta kolektiboei zaurgarriei, adinekoei, zailtasunak dituzten pertsonei eta tokiko merkataritzari zuzendutako zerbitzuekin dago osatuta.
Ekologin garapen jasangarriko helburuekin eta Nazio Batuen 2030 Agendarekin bat eginez sortu dute, eta digitalizazioa, iraunkortasuna eta gizarteratzea uztartzen dituen ikuspegi integrala proposatzen du.
Zehaztu dutenez, honakoak dira helburuak: tokiko merkataritzaren online erosketak bultzatzea plataforma kolaboratiboen bidez; banaketa eredu iraunkorrak sustatzea ekonomia zirkularrean oinarrituta; mugikortasun urriko edo gaitasun digital txikiko pertsonentzat egokitutako banaketa zerbitzuak aztertzea eta martxan jartzea, eta, baita tokiko kalitatezko enplegua eta ekintzailetza sustatzea ere.
Aipatutako helburu horiek betetze aldera, Ekologin-en egitura sei ekintza lerrotan banatu dute:
- Erosketa iraunkorraren inguruko sentsibilizazio kanpaina.
- IrunMarket online plataforma indartzea.
- Kolektibo zaurgarriei zuzendutako etxez etxeko zerbitzu berriak garatzea.
- Banaketa iraunkorreko ereduak ezartzea.
- Esperientzia integratzaileetako proiektu pilotu bat martxan jartzea.
- Ereduaren erreplikazioa ahalbidetuko duten praktika onak transferitzea.
Ildo horretatik, gaur egungo kontsumo ohiturei buruzko azterketa bat egiten ari dira, eta horren barruan, bihar –hilak 30– entzute aktiboko tailer bat egingo dute Irungo Commerce Lab-en. Zehaztu dutenez, “jarduera giltzarria” izango da inguruko benetako beharrak jasotzeko eta logistika irtenbide humanoagoa eta errealitateari egokituagoak diseinatzeko.
Era berean, Nuria Alzaga Bidasoa aktibako lehendakariak nabarmendu du eskualde konektatuago, iraunkorrago eta inklusiboagoa nahi dutela.
Estitxu Urtizberea lehendakariak, bestalde, azpimarratu du Irun eta Hondarribiko Udalek gertuko merkataritzarekiko eta pertsona zaurgarriekiko duten konpromisoa horrelako proiektuetan islatzen dela etorkizunera begiratzen duten bitartean lurraldearekiko lotura galdu gabe.
Azkenik, Fernando Zubillaga Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterreko zuzendariak hartu du hitza. “Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterraren aldetik Ekologin bultzatu eta koordinatu dugu. Funtsezkotzat jotzen dugu pertsonak eta iraunkortasuna elkarrizketaren erdigunean jartzea ahalbidetuko duten aliantzak sustatzea. Soilik horrela egingo dugu aurrera logistika zerbitzu inklusiboago eta iraunkorragoetara, euskal gizartearen beharrei erantzuteko eta Euskadi lurralde lehiakorrago bihurtzeko”.