Kontsumo gaien inguruko hiru hitzaldi antolatu dituzte Irunen
Ekainaren 2an izango da lehen hitzaldia, eta etxeko "ezbeharrak" nola saihestu landuko dute. Belaskoeneko adinekoentzako espazioan izango da.

Kontsumitzaileak Informatzeko Irungo Udal Bulegoak eta Kontsumobidek kontsumo gaiei buruzko hitzaldi sorta bat antolatu du datozen hilabeteetarako.
Sara Caballero, Irungo Udaleko Kontsumoko ordezkaria. “Udalak herritarren eskubideak zein diren ezagutarazteko betebeharra du, baita kontsumo arloan ere. Hirian seguru kontsumitzea bultzatzen jarraitu nahi dugu, eta, hitzaldi hauei esker, irundarrek hobeto jakingo dute zer eskubide dituzten”.
Josu Iguiñiz Gizarte Ongizateko ordezkariak ere hartu du hitza aurkezpenean, eta zehaztu du “oso garrantzitsua” dela hitzaldi horietara joate. “Batetik, ondorio larriak izan ditzaketen ezbehar txikiei aurre egiteko babes neurriak hartzen erakutsiko dute; bestetik, adinekoak erreklamazioak jartzeko ahaldunduko dituzte, eta, gainera, horretarako abileziak emango dizkiete, eta prozedura osoa azaldu. Alde horretatik, adinekoen espazioak aukera paregabea dira herritarrek elkarrekin ikasteko”.
Hitzaldiak
- Ekainak 2, astelehena, Belaskoeneko adinekoentzako espazioan. 17:30.
- Nola saihestu etxeko ezbeharrak. Etxeko arriskuak eta haiei aurre egiteko dauden bitartekoak eta gutxieneko segurtasun arauak landuko dituzte.
- Urriak 13, Palmera Montero gunean. 17:30.
- Ordaintzeko modu berriak. Ordainketa sistema ohikoak eta modernoak azalduko dituzte.
- Azaroak 10, Palmera Montero gunean. 17:30.
- Aseguru etxeei erreklamatzea. Aseguru mota guztiak kontratatzeari buruzko aholkuak emango dituzte, baita azaldu ere zein pauso eman behar diren erreklamazioak egiteko ezbeharren bat gertatuz gero.