Irungo udaletxearen xehetasunak ezagutzeko, bisita gidatuak
Larunbat honetan –hilak 31– egingo dute lehen bisita, eta azarora bitartean hileko azken larunbatetan egingo dituzte bisitak. Izena eman behar da.

Irungo Udalak Bidasoa bizirik-ekin batera, udal eraikina bertatik bertara eta xehetasun guztiak ezagutzea ahalbidetuko duten bisita gidatuak jarriko ditu martxan larunbat honetatik aurrera. Hilaren 31n izango da lehen bisita, eta azarora bitartean hilezko azken larunbatean egingo dituzte; egun bakoitzean bina saio egingo dira: 11:00etan euskaraz eta 12:00etan gaztelaniaz. San Juan plazan hasiko dira ibilbideak, eta doan izango dira.
Bisita horietan parte hartuko duen bizilagun orok udal eraikinaren gela nagusiak ikusteaz gain, xehetasun historiko eta arkitektonikoak entzungo ditu. Hala ere, aurreratu dute beirateak, sarrerako kanoiak eta udalaren pinakoteka ere bisitatuko dituztela. Estilo barrokoa du eraikinak, eta 1756an hasi baziren ere eraikitzen, 1763an inauguratu zuten.
Bisita egin nahi dutenek 943 02 07 32 zenbakira deituta edota Luis Marianoko lorategiko turismo bulegoetan eman dezakete izena.
Udalak jakinarazi du, halaber, udaletxearen bisita birtual bat dagoela eskuragarri webgunean. Bisita hori ere San Juan plazatik abiatzen da, eta bideoak eraikina edozein gailutatik ikusteko aukera ematen du.