Terrazak arautzeko ordenantza eztabaidagai izango da bihar
Hondarribia Euskal Herriko herri turistikoenetako bat da, eta Abotsanitzen ustez "sinesgaitza" da urtero batez beste 190.000 turista hartzen dituen hiri batek terrazen ordenantza integralik ez izatea.

Bihar arratsaldean maiatzeko osoko bilkura egingo da, eta alderdi politikoek terrazak arautzeko ordenantza izango dute eztabaidagai. Azken egunetan hautsak harrotu dituen gaia izan da, zenbait alderdi politikok [EAJk eta PSE-EEk] eta Hondarribiko ostalaritza elkarteak hura bozkatzeko proposamena atzeratzeko eskatu baitute. Udal gobernuak, ordea, tinko jarraitu du hartutako erabakian eta bozkatzera eramango du proposamena.
Hondarribia Euskal Herriko herri turistikoenetako bat da, eta “sinesgaitza” da Abotsanitzen ustez, urtero batez beste 190.000 turista hartzen dituen hiri batek terrazen ordenantza integralik ez izatea.
Azken 30 urteetan ostalaritza sektoreak bilakaera nabarmena izan du, eta beraz, terrazen egoera gero eta konplexuagoa bilakatu dela adierazi dute herri plataformako kideek, gaur egun gai “sentsible” izateraino. Duela 10 urte aurreko gobernuak [EAJk] zirriborro bat proposatu zuela gogorarazi dute, baina “terrazen ordenantza garatzeak suposa lezakeen kostu politikoarengatik”, kaxoi batean gordetzea erabaki zutela.
Hori guztia kontuan izanik Abotsanitzen jarrera argia dela esan dute eta hauteskunde kanpainan agindutakoa betetzeko konpromiso irmoa erakutsi dute. “Ausartak gara eta 2023ko hauteskunde kanpainan agindutakoa beteko dugu, herritarrek hala eskatuta. Lehenengoak izango gara hauxe garatzen, eta, hala eta guztiz ere, pentsatzen dugu berandu gabiltzala ingurura begiratzen badugu eta ikusten badugu gurearen antzeko ezaugarriak dituzten beste herri eta hiri batzuk, duela urte batzuk indarrean zeudenak eta dagoeneko bigarren edo hirugarren ordenantzatik doazenak, hala nola Donostia, Zarautz edo Getaria”.
Hondarribian ostalaritza sektoreak pisu handia duela jakitun izanik, hura babestu beharra dutela argi dute herri plataformako kideek. Eta hori da diotenez ordenantza honen helburuetako bat: ostalaritzak dituen terrazak juridikoki blindatzea eta babestea. Eta aldi berean, herritarrak zaintzea. Ordenantza horrek bizikidetza arazoari erantzuna emango diola uste baitute.
Parte hartze prozesua, zabala
Horregatik guztiagatik, bihar bozkatzera eramango dute terrazen ordenantza proposamena, eta “oso positiboki” baloratzen dute gainera, ordenantza garatzerakoan egin den parte hartze prozesu zabala.
“Herritarren arteko iritzi trukea izateko legez ezarritako prozedura baino askoz zabalagoa eta parte hartzaileagoa egin nahi izan dugu. Aurretiazko kontsulta publikoa egin genuen eta jendeak ekarpenak egin zetzan. Hortaz aparte, gutxienez, hiru lan saio ezberdin egin dira, ostalaritza, bizilagun eta mugikortasun urritua duten pertsonekin eta udal barnean, gutxienez, hiru batzordeetan jorratu da gaia”.
Bihar dokumentuaren hasierako onespena onartzeko bozkatuko dute, eta onartua izango balitz, gutxienez 15 egun egon beharko luke erakusketa publikoan, baina prozesua urrira arte luzatzeko asmoa dutela jakinarazi dute. Hala, jendeak dokumentuari buruzko proposamenak helarazteko tartea izango lukeelako. Informazio gehiago hemen.
Bestalde, EAJk iragan astean egindako salaketari erantzunez, “hau inposaketa bada, Jainkoak ikus dezala” adierazi du Abotsanitzek, eta pozik agertu dira herritarrek “benetan zer gertatu den” ezagutzeko aukera izango dutelako.
Azkenik, udal gobernua zoriondu nahi izan dute, “oposizioaren aldetik jasotako higadura eta deslegitimazio kanpainaren aurrean adorez jarduteagatik 30 urteetan martxan jarri ez dituen neurri estrategikoak aurrera ateratzeko orduan”.