Osakidetzari hitza ez betetzea egotzi dio Osasun Bidasoak
Pediatria zerbitzua hobetzeko konpromisoa hartu zuela Osakidetzak gogoratu du plataformak, baina larrialdietako zerbitzua itxi eta prekarizazioa handitu egin dela salatu dute.

Larunbateko manifestazioaren atarian Osasun Bidasoak berriro salatu du “okerrera” egin duela eskualdeko osasun arreta publikoak. Hori dela eta, herritarrak mobilizatu egingo dira plataformaren deiari erantzunez Osakidetzak eskaintzen dituen zerbitzuen itxieraren eta prekarizazioaren aurka.
Osakidetzari egotzi diote pediatriako arretaren irisgarritasuna eta kalitatea hobetzeko hartu zuen konpromisoa ez betetzea. Anbulatorioetako pediatriako lehen arretaren ordutegia eguneko bi ordu luzatu dute, baina aldaketa horrekin batera ez zutela jakinarazi ospitaleko pediatriako larrialdi zerbitzua itxiko salatu dute. Larrialdi zerbitzu honek 36 urtez eskaini du zerbitzu “ona”. Gainera, bi orduko luzapena ez dela beti betetzen deitoratu dute, esate baterako, Dunboako anbulatorioan.
Itxierekin jarraituta, haur eta gazteen Bidasoko psikiatriako kontsulta itxi dute ere eta 500 familia gertuko zerbitzurik gabe utzi dituzte. Donostiara joan behar dute zerbitzu hau jasotzera. Itxiera honek “protesta mugimendu” bat sortu zuen, kaltetutako familiek gidatua.
Pediatriara itzulita, apirilaren 13an eskualdeko ospitaleko pediatriako larrialdiak itxi ditu Osasun sailak, behin betiko. Osasun Bidasoak ondorioztatu du, beraz, ez dela pediatriako arreta hobetu, sailak hitza eman zuen gisan. Orain, 12 pediatra beharrean 11 daude eskualdean: Irun erdigunean, bost beharrean bi daude eta Hondarribiko Itsas Etxean hirutik, bakarra.
Apirila arte, ospitaleko pediatriako larrialdietan 25 haur artatzen ziren egunean batez beste eta plataformak adierazi du kopuru hau gora egiten ari zela “birus eta arnasketa infekzioen agerraldietan”. Osakidetzako datuak ekarri dituzte eta horiek arabera, kasuen %20 pediatrek artatu behar izan zituzten nahitaez ospitalean, eta kasuen %1ak Donostia ospitalean ingresatu behar izan zituzten.
Gipuzkoako ospitale bakarra izango da larrialdietako pediatria zerbitzua eskainiko ez duena, baita asteburuetan pediatria arretarik eskainiko ez duena ere. Plataformak gainerako ospitaleetako zerbitzu behar eskaintzea eskatu dute, hau da, 24 orduko pediatria zerbitzua. Eredu hau 2012ra arte zegoena dela azaldu dute, ospitaleko pediatria zerbitzua kentzea eta lehen mailako arretako pediatrei ospitaleko larrialdietako lan zaman gehitzea erabaki zuten arte.
Plataformak dio eredu berri honek “porrot” egin duela, Osakidetzak eskainitako soluzioa larrialdiak ixtea izan delako. Alabaina, plataformak adierazi du 2012 bitarteko ereduak Zumarraga, Mendaro eta Arratsateko ospitaleetan “arrakastaz” funtzionatzen duela egun.
Pediatria eta psikiatria zerbitzuena ez dela kasu isolatua uste du plataformak eta gogoratu dute 2022tik urologia zerbitzua bertan behera egon dela eta duela gutxi itxi egin dutela. Dena den, itxiera baieztatu aurretik, pazienteak Donostia ospitalera bideratzen ari ziren, baina oraingoan beti bideratuko dituzte.
Bestalde, Dunboako erietxean bost familia mediku falta direla ohartarazi dute eta horren ondorioa da Irungo 7.000 herritar familia medikurik gabe daudela. Aldiz, ospitaleko minen unitatea berriro ireki du Osakidetzak urtebeteren ondoren. Hala ere, plataformak salatu du itxaron zerrendek 60 egunetik gorakoak izaten jarraitzen dutela, eta traumatologiaren kasuan, itxaronaldia sei hilabetetik gorakoa dela.
Arrazoi guzti horiengatik, larunbat honetan (hilak 31) herritarrei manifestatzera dei egin diete, 18:30ean San Juan plazatik. Manifestazioa baino lehen (17:30ean) haurrentzako jarduerak antolatu dituzte, seme-alabak edo bilobak dituzten familientzat.